Erraustegia

GuraSOSek salatu du Tapia «gezurretan» ari dela drainatze tutuen inguruan

«Legez kanpoko tutu» horien isuri kutsagarria «zepa zulora» doa, Joseba Belaustegi adituaren arabera. Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidearen arabera, badago «zirkuitu itxi bat», baina «lerroburu efektistak egiteko».

Arkaitzerreka errekako ur kutsatua, Zubietan. ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA
xabier martin
2022ko abenduaren 20a
16:02
Entzun

«Kurba bat ez da lerro zuzen bat». GuraSOS elkarteko abokatu Joseba Belaustegik desberdintasun horretan egin du azpimarra Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gonbidatuta. BERRIAk argiratutako drainatze tutu «klandestinoaren» argazkian tutu bat agertzen da kurbadun formarekin drainatzearen alboan, eta Arantxa Tapia Ingurumeneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean erakutsitako argazkian beste bat azaltzen da, pieza zuzen bat. «Ez da leku bera; ez dira leku bereko argazkiak».

Tutu hori sistema estanko baten parte dela azaltzeko erabili zuen Tapiak. «Gezurretan ari da; ziria sartu nahi izan die herritarrei», salatu du Belaustegik; halaber, berretsi du drainatze tutu horrek ez lukeela zertan egon erraustegian, eta gogorarazi du fiskaltzak ikertzeko eskatu duela.

GuraSOSeko adituak esplikatu du «oso kutsagarriak» direla drainatze tutu horien isuriak, eta zepa zulora doazela. «Gori-gori dagoen zepa hori isuri kutsagarriekin batera hozten da, dioxina, furano eta metal pisutsuekin», esan du Belaustegik. Eta erantsi du jada «aski frogaturik» dagoela isuri kutsagarriak erraustegitik kanpo ateratzen direla. Nola ateratzen diren aztertu behar dela uste du.«Dudarik gabekoa» da, haren arabera, BERRIAk argiratutako argazkia «benetakoa» dela, eta «delitu bat» islatzen duela, «drainatze tutu hori ezin baita hor egon».

GuraSOS elkarteko ordezkariak behin eta berriro azaldu die batzordean batutako ordezkari politikoei Zubietako erraustegian ez dagoela «zirkuitu itxi bat», eta horrek eragiten duela, hein handi batean, «kutsadura izugarria, neurketek islatu dutenez».

EAJren erantzun gogorra

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak aitortu du «arazo batzuk» izan direla erraustegia martxan jartzeko prozesuan; «sute bat» ere egon zela gogoratu du, eta, hutsegite horiek eragindako kutsadura isuriak direla eta, erantzuleek zigorra jaso behar dutela, baina, hortik aurrera, oso gogor egin du erraustegiaren kutsaduraren inguruan kaleratutako informazio jakin batzuen aurka, batez ere BERRIAk kaleratutako drainatze tutuaren informazioaren aurka: «Egunkari jakin batek eta kazetari jakin batek argazki bat ikusi, eta pentsatu du Niloko iturriak aurkitu dituela».

Arrizabalagaren arabera, erraustegiaren inguruan «lerroburu efektistak egiteko» erabiltzen dena da «zirkuitu itxia». BERRIAri leporatu dio drainatze tutuaren kutsadura errekara isurtzen dela argitaratu izana, baina BERRIAren informazioak tutu hori «estolderian» dagoela baizik ez du adierazten, zehaztu gabe nora doazen isuri horiek.

GuraSOSeko kideak EAJko eta PSE-EEko ordezkariei esan die ez dituztela nekatuko, eta «errespetua» eskatu die, horien aurkako hitz gogorrengatik. «Antzezpenean» ari direla esan die Arrizabalagak, «helburu bakarra» ei dutelako hasieratik: erraustegia ixtea. Alberto Alonso PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, ezbaian jarri du GuraSOSen izaera demokratikoa. «Guraso kezkatuak baizik ez gara gure seme-alaben osasuna dela eta. Ez gaituzue nekatuko. Konpondu dezagun hau, hitz egin dezagun», erantzun du elkarteko abokatu Joseba Belaustegik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.