Lan gatazkak

IMQk ez ditu kontratatu beharko kaleraturiko 76 garbitzaileak

Bidegabeki kaleratuak izan zirela berretsi du Auzitegi Gorenak, baina Gizatzen azpikontratatutako garbiketa enpresara murriztu du ardura. ELAren ustez, «posizionamendu ideologiko» batek baldintzatu du ebazpena, eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko aukera aztertzen ari da.

IMQo garbitzaileek 2021eko abenduan Bilbon eginiko manifestazioetako bat. OSKAR MATXIN EDESA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urtarrilaren 11
13:28
Entzun

IMQk ez ditu kontratatu beharko 2021ko abendura arte Bilboko bere bi klinikatan —Vicente San Sebastian eta Zorrotzaurreko Kontsultategian— lan egiten zuten 76 garbitzaileak. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen haien kaleratzea bidegabea izan zela, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du, baina zehaztu du IMQk ez duela haiek kontratatzeko ardurarik. Ardura hori Gizatzen-en gain ezarri du, garbiketa azpikontrata zuen enpresaren gain, hain zuzen. ELA sindikatuak babestu du lan gatazka, eta ebazpenaren azterketa oso kritikoa egin du: «Soldata arrakala ezabatzeko borrokan izan diren emakumeak babesgabe utzi ditu».

2021eko azaroan hasitako auzibidea asteartean amaitu zen, eta ez du albiste gozorik utzi langileentzat. Lan gatazka udazken hartan hasi zen, IMQk garbiketa azpikontrata bertan behera uzteko asmoa zuela jakinarazi zuenean, garbitzaile propioak izateko. 76 garbitzaile horiek, orduan, —hasieran 90 ziren, 85 emakume eta bost gizon— salaketa jarri zuten, eta exijitu haiek kontratatu behar zituztela, subrogazio eskubidea zutelako. Gehienek hogei urte baino gehiago zeramaten IMQn lanean, azpikontrata ezberdinak kateatuz. 2021ean, garbitzaile horiek hainbat gainsari lortu zituzten epaitegietan, eta haien aplikazioa aldarrikatzen ari zirenean iritsi zen IMQren erabakia. ELAko abokatuek epaiketan salatu zuten klinikekin izandako negoziazioetan enpresako ordezkariek aitortu zutela garbitzaile multzoa «garestiegia» zela. Haien soldata oinarria 1.040 eurokoa zen, eta IMQk iaz hamahiru milioi euro banatu zituen dibidendutan.

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien langileei iazko martxoaren 2an, eta kaleratzeak baliogabetu zituen. Ebazpen argia izan zen: subrogazio eskubidea urratzen ari zela ondorioztatu zuen epaitegiak. Are gehiago, Florentino Eguaras epailearen ebazpenak asko sakondu zuen genero aldagaian. Era berean, 1.000 euroko kalte ordaina ezarri zuen langile bakoitzarentzat, eta 40.000 eurokoa ELA sindikatuarentzat. IMQk, baina, ez zuen ebazpena onartu, eta helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean. Hamar hilabete hauetan egoera oso bitxia izan da, langileak IMQren soldata kobratzen egon baitira, baina lanera joan gabe. IMQk lantokian sartzen ez uzteko eskubidea zuen.

Gorenaren ebazpenak, baina, beste norabide batean bideratu du ardura. Kaleratze bidegabeak direla berretsi du, baina Gizatzen jo du erruduntzat. Beraz, hark izango du 79 garbitzaileak bere lantaldean hartzeko ardura. Kontua da dagoeneko IMQko kontratua galdua duela, eta ikusi beharko da nola txertatzen dituen lantaldean. Kalte ordainak ere indargabetu ditu.

ELA sindikatuak «posizionamendu ideologiko» bat ikusten du Gorenaren ebazpenaren atzean, eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko aukera aztertzen ari da. Sindikatuaren ustez, erabakiak «genero inpaktu» handia du, eta «babesgabe» utzi ditu «soldata arrakala ezabatzeko borrokan izan diren emakumeak». Gauzak horrela, sindikatuak ez du baztertzen epaiari helegitea jartzea Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Sindikatuak garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko hasitako kanpainako kasu entzutetsuenetako izan zen IMQkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.