Eguraldia

Neguko lehen fronte hotza helduko da igande goizean

Hego-mendebaldeko haizeak tenperaturak epelduko ditu larunbatean, baina egun hotz eta bustiak izango dira gero.

Pertsona bat euripean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
2023ko urtarrilaren 12a
19:33
Entzun

Badator negua. Sasoi hotzeko lehen hiru asteak udazkeneko giro epelarekin igaro ostean, aldaketa helduko da igande goizean. Baina, aurretik, egongo da giro argiaz gozatzeko aukera.

Giro egonkorra izango da Euskal Herri osoan ostiralean eta larunbatean. Tenperaturek gora egingo dute, baina hotzaren aurreko fronte epela baino ez da izango.

Ostiralean, ostegunean baino lainotuago egongo da. Baliteke goizean euri apur bat egitea, baina atertuz eta argituz joango da. Gauean, haizeak mendebaldetik hego-mendebaldera egingo du. Horrek eragingo du gaua epela izatea, 7-8 gradu inguruko tenperaturarekin.

Larunbatean argiago egongo da, batez ere itsasertzean. Hego-mendebaldeko haizeak indarra hartuko du, eta horrek termometroak igoko ditu. Kostaldean 18-20 gradu ingururaino helduko dira tenperaturak, eta, barnealdean, 13-15 artean geratuko dira. Ez da 10 gradutik behera jaitsiko.

Eta hor amaituko da epela. Igande goizaldean, poloetako airea ekarriko duen fronte bat helduko da. Gero eta okerrago egingo du, gainera, egunak aurrera egin ahala, euriari dagokionez. Unerik epelenetan ez dira 14 graduak gaindituko, eta elur kota 900-1.000 metro ingurura jaitsiko da. Egunez lau metroko olatuak ikusiko dituzte itsasertzean, eta gauean, metro bat handiagoak.

Astelehenean ere berdintsu jarraituko du, apur bat epelduko badu ere. Asteartean eta asteazkenean, bake pixka bat emango du aroak, baina asteazkenean bertan beste fronte bat helduko da, eta aurrekoa baino hotzagoa izango dela aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.