Hiru pertsona atxilotu dituzte Sestaon, hilketa saiakera bat egotzita

Itxuraz, emakume batek senarra hiltzeko eskatu zion ezagun bati, diru truke. Emakumea eta erasoa egitea egozten dioten gizona espetxera bidali dituzte.

Ertzaintzaren kotxe bat, artxiboko irudi batean. GORKA ESTRADA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 17a
11:31
Entzun

Ertzaintzak 45 urteko emakume bat eta 18 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Sestaon (Bizkaia), hilketa saiakera batekin zerikusia dutelakoan. Epailearen aurretik igaro ostean, gazteetako bat aske utzi dute, eta beste biak espetxera bidali dituzte. Itxuraz, emakumeak senarra hiltzeko eskatu zion, diru truke, gizonezkoetako bati.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontatu du. Haien esanetan, ostiral gauean jende gutxi ibiltzen den Sestaoko paraje batera joan zen bikotea, eta emakumeak telefono dei bat jaso zuen. Autotik atera zen, eta atea zabalik utzi zuen. Orduan, ezezagun bat autoan sartu zen, eta gizonari kolpeak eman zizkion, eta aizto bat lepoan sartzen saiatu zen. Biktimak, ordea, erantzutea lortu zuen, eta, liskar baten ondoren, erasotzaileak ihes egin zuen.

Biktimak larrialdi zerbitzuei deitzea lortu zuen, eta Ertzaintza eta osasun langileak erasoaren lekura iritsi ziren. Zaurien ondorioz, gizona ospitale batera eraman behar izan zuten, baina egunean bertan jaso zuen sendagiria.

Ertzaintza gertatuakoa ikertzen hasi zen, eta ondorioztatu du emakumeak ezagun bat konbetzitu zuela diru truke senarra hiltzeko. Gainera, egindako azterketekin, ikusi dute espetxera bidali duten gizonezkoa ostiral goizean biktimaren etxera joan zela delitua egiteko asmoarekin, baina azkenean ez zuela egin.

Larunbat arratsaldean atxilotu zuten emakumea, eta gauean kartzelara bidali duten gizona. Igande goizean atxilotu zuten hirugarrena, gertakariekin zerikusia duelakoan. Atzo pasatu ziren hirurak Barakaldoko epaitegitik (Bizkaia), eta espetxera bidali zituen emakumea eta senarra hiltzea eskatu zion gizona; bestea aske geratu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.