Gazteak

Gazteak zuzendaritzetan sartzeko «kuotak» nahi ditu Zedarriak plataformak

«Belaunaldien arteko ekitate helburu handiak» bete daitezen nahiko luke goi enpresarioen klubak, 'Euskal Z Belaunaldia' izendatu duen txostenean dioenez.  «Presazkotzat» jotzen du «urrats jakinak» egitea «hezkuntza sistema malgu baten alde».

Gazte bat  Nafarroako Unibertsitate Publikoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2023ko urtarrilaren 17a
11:52
Entzun

Goi enpresari ezagun batzuek osatzen duten Zedarriak plataformak zenbait proposamen egin ditu 18 eta 30 urte arteko gazteen inguruan, plataforma horren hirugarren azterketan. Gazteek erakundeen zuzendaritzetan sartzeko erraztasunak beharko lituzketela helarazi du azterketak, eta «eztabaida bat irekitzea» proposatu du «parte hartzeko kuotak» ezartzeko helburu horrekin. «Enpresen erabakietan, erakunde publikoetan eta GKEetan» gazte gehiago nahi ditu Zedarriak klubak.

«Belaunaldien arteko ekitate helburu handiak» lortzeko mahairatu du enpresarien plataformak ideia hori, eta zuzendaritza organoen sexu arrakalari aurre egiteko erabiltzen den mekanismoaren antzekoa luke. Txostenak gogoratzen du eusko legebiltzarkideen batez besteko adina 48 urtekoa dela, eta soilik hiru kide daudela 30 urtetik beherakoak 75 parlamentarien artean. «Sozietate kotizatuetan 60,5 urteko batezbestekoa dago Espainian», dio azterketak, berriro belaunaldien erreleboa egoki egiteko beharra azpimarratuta.

Zedarriak-ek ere baditu etxeko lanak egiteko euren kideen adinaren batezbestekoa jaisteko, plataformak berak onartu duenez 63 urtekoa baita batezbesteko hori. «Ezaugarri hori zuzentzeko» proiektuak bultzatu nahi dituztela gaineratu dute txostenean.

2022ko apirilean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera sozioekonomikoari buruzko txosten bat egin zuen Zedarriak plataformak, bere bigarrena, eta hautsak harrotu zituen, Eusko Jaurlaritzak ez zuelako ongi hartu azterketaren ondorio kritikoa. Goi enpresari ezagun batzuek babestu zuten, esaterako, Pedro Luis Uriartek, Velatiako taldeko presidente Javier Ormazabalek, Aernnovako presidente Iñaki López Gandasegi, Cristina Garmendia eta CIE Automotiveko presidente Anton Praderak.

Hezkuntza sistema «malgua»

Gaur kaleratutako txostenean, berriz, hezkuntzari ere erreparatu dio Zedarriak plataformak, harentzat «presazkoa» baita «urrats jakinak» ematea «hezkuntza sistema malgu baten alde». Kanpotik Euskal Herrira datozen familiei begira egin dio aipamena hezkuntzaren alorrari plataformak, «mugikortasun geografiko handia» ei dutelako familia batzuek, eta haien «seme-alaben hezkuntzaibilbideak soluzio azkarrak» behar dituelako. Zedarriak-en txostenak ez ditu exijentzia linguistikoak aipatu, ezta euskara hitza idatzi ere, baina zabalik utzi dio atea «sistema malgu» baten eskaera euskararen exijentziarekin lotzeko interpretazioari.

Edonola ere, goi enpresarien plataformak behin eta berriro azpimarratu du «gazteen parte hartzea bultzatu» behar dela lehenbailehen, euskal gizartearen «oraina eta geroa baldintzatuko duten erabakietan» egoteko. «Erretiro sistema, etxebizitza alokairuaren arautzea eta etxebizitzaren erosketa, egonkortasuna eta langile gazteen lan kontratuen soldatamaila» aipatzen ditu Zedarriak-ek, gazteek parte hartzeko eztabaidagai gisa. «Belaunaldien arteko itunean erabaki giltzarri horietan» gazteek inplikaturik egon behar dutela uste du.

Azterketaren amaieran, zenbait ondorio atera ditu plataformak, eta horietako batean iragartzen dute «beste eragile batzuekin batera» Zedarriak saiatuko dela sustatzen «beharrezkoa den bat egitea hezkuntza sistemaren, enpresaren eta erakundeen artean». Plataforma «praktika hobeak identifikatzen eta martxan jartzen» saiatuko da «euskal enpresa egokitu dadin» lehenbailehen gazteen errealitatera, eta, modu horrtetan, «erakargarriagoa» izan dadin «Z belaunaldiarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.