Athletic 4-1 cadiz

Sanceten hiru gol, eta Athleticek hiru puntu

Nafarrak hat trick bat egin du Cadizen aurka, eta Athleticek amaiera jarri dio Ligako bolada txarrari. Yeray-k egin du zuri-gorrien beste gola, eta Escalantek Cadizena.

Sancet gola ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 3a
23:17
Entzun

Partida ederra ikusi dute San Mamesera joan diren zaleek, eta Munduko Kopaz geroztik lehen aldiz bildu ditu hiru puntuak Athleticek. 4-1 gailendu dira zuri-gorriak etxean Cadizen aurka, nahiz eta emaitzak erakusten duena baino zailtasun gehiago izan duten aurkaria menderatzeko. Oihan Sancetek hiru gol sartu ditu beste behin –iaz beste hat trick bat egin zuen Osasunaren aurka–, eta Yerayk egin du zuri-gorrien beste gola. Gonzalo Escalante, Alaveseko eta Eibarreko jokalari ohiak egin du andaluziarren gola. Aurkariek euren partidak jokatu bitartean, 29 punturekin zazpigarren postuan kokatu da Athletic, Txapeldunen Ligako postuetatik lau puntura.

Partida ederra ikusteko aukera izan zuten San Mamesera hurbildu ziren zaleek. hasiera-hasieratik jo eta jo aritu dira bi taldeak, eta zenbait aukera izan dituzte bi taldeek lehen hamar minutuetan. Hamargarrenean, ordea, Athletic izan da gola egin duena. Azkar ateratako alboko sake baten ostean egindako erdiraketan Sanceti iritsi zaio baloia area barruan, eta nafarrak punpalasterrean egindako erremate batekin sareetara bidali du baloia: 1-0 10.minutuan.

Zaleak pozez zoratzen zeuden golaren ostean, eta bigarrena egiteko aukera ere izan dute bizkaitarrek. Hala ere, Cadizek berdintzeko gola lortu du 25.minutuan. Beren areatik atera dute jokatuta baloia, eta ezker hegalean Brian Ocampok jokaldi ikusgarria egin du Escalanteri gola oparitzeko: 1-1.

Bazirudien bolada txarrean murgilduta jarraitzera kondenatuta zegoela Athletic, baina Sancetek lehenbizi eta Yerayk ondoren, 3-1 jarri dituzte zuri-gorriak aurretik atsedenaldia baino lehen. Sancetek taldeak ondo egindako presio bat baliatu du haren bigarren gola egiteko, eta Yerayk, aldiz, buruz bidali du baloia sareetara, Iker Muniainek maisuki ateratako falta jaurtiketa bat probestuz.

Atsedenalditik bueltan, ordea, gaueko albiste txar bakarra iritsi da. Bigarren zatiko ordu laurdena bete gabe zegoela bigarren txartel horia ikusi du Yuri Berchichek, eta Athletic hamar jokalarirekin gelditu da zelaian. Okerrik ezean, atzelari zarauztarra ez da datorren astean Mestallan izango.

Markagailuan zegoen aldea ikusita, eta jokalari bat gehiago zeukala aprobetxatuz, aurrerapausoa eman dute andaluziarrek, eta Unai Simonen atera arriskua eraman dute, nahiz eta gola urruti izan duten. Aurrera joateko beharrak atzean zuloak uztera behartu ditu bisitariak, eta kontraeraso batean laugarrena egin du Athleticek. Raul Garciak zelai erdian jaso du baloia, eta buelta erdia emanda aurrera bidali du baloia, Sancet zegoen tokira. Nafarrak ez du barkatu, eta laugarren gola egin du etxekoentzak.

Laugarren golaren ostean festa piztu da San Mamesen, eta zelaian berriz baretu egin da jokoa. Cadizek ez du arriskurik sortu, eta Ernesto Valverdek minutu gutxi jokatzeko aukera dutenak zelairatu ditu, zaleen gozamenerako. Gauzak horrela, zazpigarren postuan egingo du lo Athleticek. Bihar Osasunaren txanda izango da. Bartzelonan arituko dira, Espanyolen aurka (14:00). Realak, berriz, igandean jokatuko du Anoetan, Valladoliden aurka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.