Reala 0-1 Valladolid

Realak Valladoliden aurka galdu du Anoetan

Urriaren 30etik ligan galdu gabe ziren txuri-urdinak. Gol aukera onenak etxekoenak izan dira, baina Cyle Larinen golak erabaki du neurketa.

Illarramendi buruz errematatzen, gaur, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 5a
20:45
Entzun

Realak ia ahaztua zuen galtzea zer zen. Joan den astean, ordea, Espainiako Kopatik kanpo geratu ziren txuri-urdinak Bartzelonan galduta, eta gaur ligan zeramaten bolada bikaina eten da. Anoetatik hiru puntuak poltsikoan dituela irten da Valladolid, mailari eusteko lehian dabilen taldea. Jokalari asko falta zitzaizkien etxekoei, baina hori ez da aitzakia izan: aukera onenak Realak izan ditu.

Valladolidek, ordea, jakin du bere partida jokatzen, eta izan duen bakarra baliatu du. Ezohiko hamaikakoa atera du Imanol Alguacilek, lesioek behartuta: atzean Barrenetxea zelairatu du eskuin hegalean, eta zelai erdian Zubimendik, Illarrak, Marinek eta Navarrok jokatu dute. Aurrean, Kubo eta Sorloth. Aulkian utzi ditu oraindik erritmoa falta zaion Oiartzabal, eta denboraldi hasieran bezain fin ez dabilen Brais Mendez.

Lehen zatian ausart zelairatu dira bisitariak: goian presionatu dute, eta baloia jokatuta ateratzeko zailtasunak izan ditu Realak. Hegaletan, berriz, arriskua sortu dute Darwin Machisek eta, batez ere, Gonzalo Platak. Dena den, Realak izan du lehen zatiko aukerarik argiena. Zubimendik berreskuratu du baloia, Marini pasa dio, hark Sorlothi, eta norvegiarrak zutoinera bidali du jaurtiketa. Gola oihukatzen ari ziren jada zale txuri-urdinak. Askoz gehiago ez du egin Realak; geldikako jokaldietan Illarrak errematatu ditu pare bat baloi, buruz.

Aldaketak

Egoerak baldintzatuta, atsedenaldian aldaketak egin ditu Alguacilek. Aihen sartu da txartel horia zuen Ricoren ordez, eta zelai erdian Brais Barrenetxearen ordez. Defentsara bidali du Zubimendi, eta eskuin hegalera denerako balio duen Zubeldia. Orduan jokatu ditu minuturik onenak Realak.

Bigarren zatiko lehen hogei minutuetan arriskuarekin heldu da Valladoliden area ingurura, gehienbat Take Kuboren bidez. Ez da nekatzen japoniarra. Area ertzetik egin ditu bi erremate on, baina are hobeak izan dira Masip atezainaren erantzunak. Sorloth ere saiatu da area kanpotik, baina haren jaurtiketa zutoinetik gertu joan da kanpora.

Orduan aldatu dira kontuak. Jokoa gelditzen saiatu da Valladolid: denbora galdu, lurrera bota... eta lortu du bere helburua. Erritmoa eten dio Realari, eta, arrisku gehiegirik ez zuen erdiraketa batean, Zubimendik baino gorago egin du salto ligara iritsi berria den Cyle Larin kanadarrak. Sorbaldarekin errematatu du, baina sareetara bidali du baloia. Hotz utzi du Anoeta golak.

Azken minutuetan, erasoko jokalariak sartu ditu Realak, baina bihotzarekin gehiago jokatu du buruarekin baino, eta ez du asmatu Valladoliden harresia gainditzen.

Aukera ederra zen gaurkoa sailkapen nagusian aurrerapauso bat emateko (galdu egin dute Real Madrilek, Betisek eta Vila-Realek, eta berdindu Atletico Madrilek), baina horretarako lanean jarraitu beharko dute donostiarrek.

Reala: Remiro; Barrenetxea (Mendez, 45'), Zubeldia, Le Normand, Rico (Aihen, 45'); Zubimendi, Illarra (Olasagasti, 73'), Marin (Carlos Fernandez, 86'), Navarro (Oiartzabal, 62'); Kubo eta Sorloth.

Valladolid: Masip; Luis Perez, Hongla (El Yamiq, 84'), Javi Sanchez, Olaza; Monchu, Kike Perez (Aguado, 67'), Plata (Rosa, 84'), Oscar Plano (Ivan Sanchez, 59'), Machis; Sergio Leon (Larin, 59').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.