AHTaren «inposaketa» gaitzetsi du Bizik

AHTaren proiektuak Ipar Euskal Herriko herritarrentzat zerga berriak ekarriko dituela salatu du. Irun, Baiona eta Bordeleko auzapezen deiarekin bat egin du

Biz-ren ekintza Dartamenduko kontseiluak Baionan duen egoitzan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko otsailaren 8a
10:51
Entzun

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseiluak Baionan duen egoitzatik bi pankarta handi zintzilikatu dituzte Biziko kideek AHT «proiektu klimatizida» salatzeko. Mugimendu altermundialistaren hitzetan, Euskal Hirigune Elkargoak eta Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoak GPSO Hego Mendebaldeko trenbide Egitasmo Handiarekin bat egiten ez badu, proiektuan eztabaidan segitzen du. Hala, departamenduko kontseiluaren eta bereziki Jean Jacques Lasserre lehendakariaren aldeko iritzia gaitzetsi ditu, «hunkitua den lurralde oso baten iritziaren kontra» doazelako. «CD64, bortxarik ez! Euskal Herriak AHTari ez!» zioen Biziko hogei kideek zabaldu duten pankartak.

;

Biziko kideek oroitarazi dute 2021eko abenduan proiektuaren printzipioaren kontra bozkatu zutela Euskal Elkargoko hautetsien %80k. «Proiektu honen errefusaren adibide enblematikoa da», adierazi dute. Hala ere, salatu dute Ipar Euskal Herriko herritarrentzat zerga berriak ekarriko dituela abiadura handiko trenbide berriak, aurreikusiak diren geltoki berrietatik ordu bat baino gutxiagora diren herri guziek parte hartu beharko dutelako proiektuaren finantzaketan.

Joan den abenduan, gaur egun diren trenbideen modernizazioa lehenesteko eskatu zuten Irun (Gipuzkoa), Baiona eta Bordeleko (Okzitania) auzapezek, eta proiektuaren egingarritasuna aztertzeko ikerketa independente bat eskatu beharra dute aurki. Eragile baten baino gehiagoren iritziz, hori da trenbide sarea indartzeko aukera egokiena. Bizik ere bat egin du deiarekin, eta baieztatu du jadanik 120 hautetsi inguruk eman dutela horren aldeko atxikimendua.

Departamenduko kontseiluak ere auzapezen eskaerarekin bat egin zuen abenduan, baina urtarrilean Lasserrek adierazpen kritikoagoa izan zuela salatu du Bizik: “Irekitzen ez den herria bere burua kondenatzen duen herria da”, adierazi zuen.

Hitz horiei erantzun dien Antton Hariñordoki Biziren bozeramaileak: “Mundura irekitzeak ez du erran nahi miliarren gastatzea gero eta urrunago bai eta gero eta lasterrago joanez gutiengo batek bidaiatzeko parada ukan dezan», adierazi du. Lasserre lehendakariari Euskal Herriaren borondatea «errespetatzeko» eskatu diote. «Euskal Herri burujabe, jasangarri eta solidarioa eraikitzen duten proiektuei tokia uzteko garaia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.