Auzitegi Nazionalak badaezpadako neurriak ezarri dizkio Iñaki Graciari

Epailea Gracia ikertzen ari da, ustez Miguel Angel Blancoren hilketan izan zuen parte hartzeagatik.

Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
2023ko otsailaren 24a
15:23
Entzun

Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile Manuel Garcia Castellonek badaezpadako neurriak hartu ditu Iñaki Graciaren kontra. Hura eta beste zenbait euskal herritar ikertzen ari da epailea, ustez ETAko zuzendaritzako kide gisa Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren hilketan izan zuten parte hartzeagatik. Epaileak, pasaportea kendu, eta estatutik ateratzeko debekua ezarri dio Graciari, baita hamabostean behin epaitegietan aurkezteko betebeharra ere. Defentsak helegitea aurkezteko aukera du.

Graciarekin batera, Mikel Albisu, Josetxo Arizkuren eta Marixol Iparragirre ere ikertzen ari da epailea. Izatez, hasieran auzitik kanpo utzi zuen Gracia, haren kasuan delituak preskribatuta zeudela argudiatuta.

Dignidad y Justicia elkarteak zenbait euskal herritarren aurkako salaketa jarri zuen, haiei egotzita Blancoren hilketaren «egile intelektual» izatea, hura gertatu zenean ETAren buruzagitzaren parte zirelakoan; tartean, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren kontra ere egin zuten. Garcia Castellon instrukzio epaileak tramiterako onartu zuen salaketa, eta lau lagun ikertzeari ekin zion.

Garcia Castellonek Guardia Zibilari eskatu zion aferaren inguruko txosten bat egiteko, eta, haren arabera, ikertuek «omisioz» parte hartu zuten ekintza hartan, erakundeko «organo exekutiboko» kide bezala hura geratzeko «benetako gaitasuna» izan arren halakorik agindu ez zutelako.

Blancoren hilketaren ingurukoa ez da Dignidad y Justiciak aurkeztu eta Auzitegi Nazionalak tramiterako onartutako molde bereko bakarra. Gregorio Ordoñezen hilketa eta Santa Polako Guardia Zibilaren egoitzaren kontra egindako atentatua ere ikertzen ari da auzitegia, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.