Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak agindu du Arkaitzerrekan 2020an eta 2022an izandako isurketak batera ikertzeko

Gipuzkoako 5. Instrukzio Auzitegiak ikerketa aktibatu beharko du orain. Zubietako erraustegitik Arkaitz errekara gai kutsagarriak isurtzen zirela salatu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Erraustegirako martxa antolatu dute larunbaterako, Lasarte-Oriatik abiatuta.

Arkaitz errekaren irudi bat, isurketak izan ziren boladan. ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA
2023ko apirilaren 25a
12:12
Entzun

Gipuzkoako 5. Instrukzio Auzitegiak ikertu egin beharko du Zubietako ea erraustegiak gai kutsagarririk isuri zuen. Azarotik geratuta zegoen ikerketa auzitegian. Fiskaltzaren eta GuraSOSen eskaerak aintzat hartu ditu, ordea, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, eta agindu du batera ikertzeko 2020an eta 2022an Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara izandako isurketak, loturak ikusten dituelako bien artean.

Ikerketa geratuta zegoen iragan azarotik auzitegian, ikertzeko eskumenik ez zutela argudiatuta. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, baina, ikertzeko agindu dio 5. Instrukzio Auzitegiari, eta ez dago helegiterako tarterik.

GuraSOSek begi onez hartu du epaia, bi arrazoirengatik: batetik, ingurumenaren kontrako ustezko delitu bat ikertzeko agintzen duelako; eta, bestetik, kutsadura horren jatorria Zubietako erraustegian dagoela esaten duelako. Arduradun politikoei eskatu diete elkarrizketa hasteko erraustegiaren auziari irtenbide bat emateko.

Larunbatean, protesta

Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) oinezko martxa antolatu du heldu den larunbaterako, Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) Zubietako erraustegira. 11:00etan abiatuko dira, Okendo plazatik. Gaur aurkeztu dute, eta Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen lelopean egingo dute. Besteak beste, Arkaitzerreka kutsatu izana egotzi dio EAMek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, eta horren frogatzat jo ditu ToxicoWatch erakundeak dioxina eta furanoen poluzioari buruz egindako ikerketak. Besteak beste, inguruko baserri batzuetako arrautzen laginetan oinarrituta, ondorioztatu zuen hainbat tokitan gai horien kutsadura instalazioa martxan jarri aurretik halako hiru dela orain. EAMek GHKri egotzi dio errealitate hori ezkutatzen saiatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.