Albistea entzun

Athletic 0-4 Real Madril

Athletic, Kopako finaletik at

Talde zuri-gorriari ia hasieratik jarri zaio maldan gora Real Madrilen aurkako neurketa. Iraia Iturregiren taldea ezinean aritu da aurkariaren ahalmen fisikoaren eta erritmoaren aurrean.

Athletic, Kopako finaletik at
Athletic, Kopako finaletik at Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2023ko maiatzak 24 10:50

Athleticek hiru aldiz irabazi du liga. Aurten bete dira 20 urte lehen garaikurra altxatu zuenetik. Baina badu arantza bat Espainiako Koparekin. Bi aldiz iritsi da finalera, 2012an eta 2014an, baina txapeldunorde izan zen. Denboraldi honetan ere ezin izango du atera. Finalerdietan amaitu da zuri-gorrien bidea aurtengo txapelketan, 0-4 galdu baitu Real Madrilen aurka. Iraia Iturregiren taldea ezinean aritu da espainiarren joko bizi eta zuzenaren aurrean. Hala, amaitu da denboraldia Athleticentzat.

Berez du talde gaztea Athleticek. Bada, atzo are gehiago. Mariasun Quiñonesengandik harago, Iraia Iturregik aulkian utzi ditu eskarmentu gehien duten jokalariak: Nekane, Yulema Korres, Eunate eta Itxaso Uriarte, besteak beste. Hasieratik jokatu dute, berriz, Landaluzek, Maite Zubietak eta Amezagak. Beste berritasun bat Oihane Hernandezen kokapena izan da, atzean aritu beharrean zelai erdian aritu baita, Landaluzerekin batera, hegaletik sartu den Linda Caicedo geratzeko asmoz.

Real Madrilek bere lehen titulua nahi du, eta espero bezala estutuz ekin dio norgehiagokari. Zelai erditik aurrera dituen jokalarien ahalmen fisikoaren bidez partidari erritmo bizia jarri dio, eta baloia oso bizkor mugitu du. Espero zuten zuri-gorriek hori, eta, horri aurre egiteko, zelai erdian jokalari asko pilatu, eta lerroak batuta edukitzen ahalegindu dira. Denboraldiko azken txanpa honetan izandako sentipen onei segida eman nahi zieten. Ez da posible izan. Jokatzeko era horri eusteko, golik ez jasotzea behar zuen Iturregiren taldeak. Baina Real Madril 0-1 aurreratu da 6. minutuan; Weirek egin du gola. Mariasun Quiñones aurreratua zegoela ikusi, eta modu ikusgarrian loratu dio baloia. Ia segidan, Caidedok erremate bat bidali du zutoinera.

Athletic kontrakarrean ari zen. Real Madrilek atzean sartuta zeukan. Gainera, zuri-gorriek baloia zuten apurretan, baloia ateratzean ezin zuten gainditu aurkariak egindako presio estua. 20 minutu inguruan, espainiarrek erritmoa apaldu dute zertxobait, eta Iturregirenek arnasa apur bat hartu dute. Baloia izan dute, baina aukerarik sortu gabe. Gainera, Real Madrilek beste bi gol sartu ditu atsedenaldia baino lehen. Bat Maite Zubietak sartu du, bere atean, Tolettik punpa lasterrean egindako erremate baten ostean, eta bestea Atheneak, atzetik etorrita, Kathlenek egindako erdiraketa bat baliatuz. Lehen zatiak, gainera, izan du beste albiste txar bat zuri-gorrientzat. Izan ere, Valdezatek zelaia utzi behar izan du, belaunean min hartuta.

0-3koarekin, Athleticek maldan gora zuen kanporaketa, eta are gehiago zaildu zaio, bigarren zatiko lehen jokaldian Weirek laugarrena sartu duenean espainiarrentzat. Errenta hori baliatuz, Real Madrilek zertxobait lasaiago joka zezakeela pentsa zitekeen. Hala egin du. Baloi jabetza luzeen bidez, minutuak pasatzen utzi du. Athletic saiatu da gutxienez gol bat egiten, baina ez du lortu, apenas gerturatu baita Misa Rodriguezen atera. Iraia Iturregik aukera eman dio Nekane Diezi zelaian agurtzeko. 66. minutuan atera da, Ogizaren ordez. Aurrelariak erretiroa hartuko du, talde zuri-gorrian hamasei denboraldi jokatu ostean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten dagoeneko, 600 igoera baino gehiago izan dira.

 ©Rodrigo Jimenez / EFE

Txuri-urdinek distira egitearen gakoak

Jon Ander De la Hoz

Realak matematikoki eskuratu du datorren sasoian Txapeldunen Ligan aritzeko eskubidea. Txuri-urdinek multzo sendoa osatu dute, eta zenbait marka historiko ezarri dituzte

 ©Idoia Zabaleta / Foku

Oier Sanjurjok erretiratu egingo dela iragarri du

Beñat Mujika Telleria

Lizarrako jokalariak 37 urterekin utziko du futbola. Osasunako kapitain izandakoak AEK Larnacan jokatu du azken denboraldian.

 ©LUCA ZENNARO / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.