Bizimodua

Pantailen gatibu

Interneten eta sakelakoen demokratizazioak, sare sozialen bilakaerak eta hiperkonexioak erabat baldintzatu dute azken hogei urteotako bizimoldea: erreminta zirenak eragile bihurtu dira. Anabasa horretan ordena jartzea izango da erronka.

Gazte bat,  lagunez inguratuta, sakelako telefonoa eskuetan duela. BRAIS LORENZO, EFE
enekoitz telleria sarriegi
2023ko ekainaren 15a
15:28
Entzun

Presatik patxadarako igarobide eta zubi bilakatzea da erronka, ikusita patxadak presan nekez duela tokirik. Periodikoa leituz ilustratzen denik bada oraindik, baina jakinarazpenen tituluekin asebetetzen direnak dira gehiago. Pantailak ispilu bihurtu dira, eta isla desitxuratua dakarte bueltan. Haien bidez eta haiekin bizi dute gehiegik bizitza, benetakoa delakoan bestaldea, eta norberaren azala haren gainaldea. Iragazki funtzioa egitea, izpiritu kritikoa ernaraztea eta erabiltzaileak gurera erakartzea: horra teknologia berriek azken hogei urteotan izan duten bilakaerak (pantailaren) aurrean jarritako erronka.

Nokia markakoak ziren BERRIAren sorrerako haiek, eta deitzeko balio zuten; bai, deitzeko: Ertzaintzaren komisariara Euskaldunon Egunkaria-ko lankide espetxeratuen aldeko elkarretaratzeak egiteko baimenak eskatuz; kultura eta kirol alorreko jende ezagunari babesa eskatuz; eta deirik kezkagarrienak zein abisurik pozgarrienak jasotzeko mesanotxean pausatuz.

2003 hartan, sexu bereko bikoteak ezin ziren ezkondu, eta ezin zuten umerik adoptatu; tabakoa erretzen zen osasun etxeetako itxarongeletan, lantokietan, trenetan; eta aitatasun baimenen egunak esku bateko hatzekin konta zitezkeen. 2003a zen, eta Prestige itsasontziko fuel olio arrastoak oraindik iristen ziren euskal kostaldera; Itoizko urtegia betetzeko, inguruko herriak bota berri zituzten hondeamakinek.

SMSak banaka ordaintzen ziren, eta ez zegoen Whatsapp mezu, audio eta talderik. Pantailek bertara begiratzeko balio zuten, eta ez atzean ezkutatzeko. Konexiorik onena ADSL bidezkoa zen, eta wifi, 4G eta 5G hitz arrotzak. Lainoa fenomeno meteorologiko bat zen, eta argazkiak albumetan, artxiboetan edo, asko jota, CD eta DVDetan gordetzen ziren. Google Drive, Dropbox, Box eta iCloud? Hodei arraroak ziren horiek orduko ortzi muga digitalean.

Musika kasetean, biniloan edo CDan entzuten zen. Eta erosi egiten ziren, edo trukatu, edo BitTorrentekin pirateatu. Aurreratuenek MP3a zer zen zekiten. Youtube, Spotify eta streaming-a zetozela, aurreratuenek ere ez.

Erredakzioak toki fisikoak ziren, eta kazetariak plumilla-k. Presentziala izatea ez zen ez baldintza, eta ez salbuespen. Aurrez aurrekoa zen naturala, elkarrizketa ere bai, eta eztabaida ere bai. Erredakzioan boz gora aritzeak girotu egiten zuen lana, kafeak ez ziren bakarka hartzen, aurikularrak ez ziren lankideengandik isolatzeko jartzen, zierreak makinako garagardoa lagun egiten ziren batzuetan, eta kronikak partidak amaitu baino lehen egoten ziren idatzita gehienetan.

Aro multimedia

Joan zen aro hura. Multimedia izan zen lehen koska, eta lehen erronka: idatzi koadernoan eta idatzi webgunean. Atera argazkiak eta grabatu bideoak. Txiokatu Twitterren. Besteen pare eta onenen mailan aritzearen presaz sartu ziren pantailak askoren bizitzetan. Lanaren eta etxearen mugak lausotuz kazetari askorenetan, baina informazioa, aisia, egia eta iruzurra nahastuz ere bai besteen bizitza gehienetan: Interneten eta sakelakoaren demokratizazioa, sare sozialen bilakaera eta hiperkonexioa.

Smartphonearen sorrerak, hedatzeak eta merkatzeak ekarri zuen iraultza erabatekoa, eta azken hogei urteotan gauzatu da hori: munduarekin erlazionatzeko beste modu bat. 2007ko ekainean merkaturatu zuen Apple etxeak bere lehen iPhonea, eta 2008ko urrian HTC Dream etxeak bere lehen smartphonea. Gaurko sakelakoen aldean mugatuak ziren oso, baina erabat irauli zuten ekosistema teknologikoa: denda bat zekartelako eurekin, nahi adina aplikazio eta tresna deskargatu eta erabiltzeko —urteen poderioz, hazi eta hazi joan den eskaintza, bizitzaren alor ezberdin bakoitzerako aplikazio bana sortzeraino—.

Izan ere, jendea jada ez da galtzen eta jendeak ez du jada galdetzen, baduelako mapa bat pantailan, esaten diona nondik nora joan eta zenbat denboran iritsiko den. Erraztu beharraren erraztu beharraz, amaitu egin da arlo askotan transmisioa. Zein txorirena den txorrotxio hura? Galdetu aplikazioari. Zein talderena den abesti hura? Galdetu aplikazioari.

Ez dago boterik jarri beharrik kuadrillan: «Bidaliko dizut bizum bat». Sakelakoarekin ordain dezake norberak bere kalimotxoa, eta atera daiteke dirurik gabe etxetik, baina sakelakorik gabe ez. Pantailak parte gisa onartu dira hogei urteotan, erreminta gisa onartu beharrean.

Sare sozialak

Eta pantailetan kontatu behar da bizitza, eta pantailetan sinetsi eta sinetsarazi. Facebook, Pinterest, Twitter, Youtube, Instagram, Whatsapp, Snapchat, Tiktok... Norberarena jarri, besteena kuxkuxeatu, eta egiaztatu gabe sinisteko sarerik gabeko sare bihurtu dira. Denbora gutxian, eta abailan sortu eta sartu dira. Facebook 2004an sortu zen, Pinterest eta Instagram 2010ean merkaturatu zituzten, Twitter 2006an eta Youtube 2005ean. Whatsapp 2009an agertu zen, Snapchat 2011n eta Tiktok 2016an. Aldarrikatzen duten kontsumo eredua kontsumiarazten dute, eta horri neurria jarri eta hartzea izango da komunikabide gehienen hurrengo erronka.

Haiekin hazten eta hezten ari baitira belaunaldi berriak, eta haiek ulertu nahian orduan belaunaldi berriak zirenak. Hogei urteko joanak sortu baitu belaunaldiartekotasun berezi bat. Non abiadurak eta presek ez duten aurreko belaunaldien artean gertatutako etenik eta hausturarik sortu. Non aisialdirako eta kontsumorako ohiturak ez diren horren ezberdinak belaunaldien artean. Non aita-amek eta seme-alabek topo egiten duten txosnetan, eta sare sozialetan.

Pandemia bat

Izan ere, hiperkonexio betean iritsi zen pandemia, eta are gehiago jainkotu zen pantaila. Haren bidez jakin eta sinetsi genuen. Salbatzaile eta helduleku bihurtu zen, eta osasunean, hezkuntzan, enpresan, lanean eta bizimoduan hartu eta egin zuen tokia, lehenaz gainera. Zoom, Skype eta Meet izena dute geroztik askoren zilbor heste berriek. Askatzen gaituztelakoan lotzen gaituztenak batzuetan, eta lotzen gaituztelakoan askatzen gaituztenak besteetan. Telelana kontzeptu lausoa zen lehen, eta ohitura eta araua da orain.

Aldi berean eros daiteke arrandegian kilo bat bokarta, eta laneko Skype taldean erantzun. Baina aldi berean errekonozi daitezke ere gaixotasunak, auskultazioa egin gabe. Eta aldi berean egin dute bertan goxo aurrez aurrekoaren, presentzialtasunaren eta gizarteratzearen beldur ziren beste askok pantailaren babesean eta haren ezkutuan.

Euskarriak, tresnak eta lan egiteko modua aldatu dira kazetaritzan (berriro). Horrek guztiak ofizioa ere aldatuko ote duen ohartzea, neurtzea eta neurriak hartzea izango da erronka (berriro). Eta testu hau adimen artifizialeko programa batek idatzi ote duen ikertzea (oraingoan).

Izan ere, hogei urte horietan euskal musikari «katedral bat» eginda joan zen Berri Txarrak. Pantaila ditxosozkoan dator Zea Mays arto mota baten izen zientifikoa dela. Hertzainak itzuli dira, eta ohartu zara arrazoi zuela, duela eta izango duela: «Ezer ez da berdin». Baina alaiagoa izanen (ote) da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.