Hezkuntza

Iztueta Hezkuntza sailburuaren aurkako mozioen bidez PPk eta PSE-EEk Jaurlaritzaren kontrako "ernegazioa" sortu nahi dutela esan du Ibarretxek

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak integrazioari buruzko barne agiri batean Espainiako autonomi erkidegoetatik EAEko hezkuntza sistemara sartzen ziren ikasleei "etorkin" deitzen zitzaielako Anjeles Iztueta sailburuaren aurka zentsura mozioa aurkeztu zuten PPk eta PSE-EEk. Gaur ari dira eztabaidatzen mozio hori Eusko Legebiltzarrean, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egin du Iztuetaren defentsa. Batetik, EAEko hezkuntza sistema "Espainiako Estatuko onena" dela esan du Ibarretxek, eta, bestetik, PPren eta PSE-EEren helburua Jaurlaritzaren kontrako "ernegazio giroa" piztea dela. Arnaldo Otegi SAko eledunarentzat, gaurko eztabaidak sakoneko eztabaida ezkutatzen du, "Hezkuntza sistema honek ez du baitu elebistasuna bermatzen, Maule edo Baionako ikasle bat etorkintzat hartzen duelako".

2003ko azaroaren 28a
15:26
Entzun
Ibarretxek agertu du Iztuetaren defentsa egitea baino areago EAE Euskal Autonomi Erkidegoko hezkuntza sistema babestea eta aintzatestea dela bere asmoa. Ildo horretatik, EAEko hezkuntza sarea "Espainiako Estatuko onena" eta beste autonomi erkidegoentzako "eredu" dela azpimarratu du. Baieztapen hori justifikatzeko, ikasle bakoitzeko Jaurlaritzak egiten duen gastua Espainiako Estatuko batez bestekoa baino handiagoa dela, EAEko herritarren %77 hezkuntza sarearekin gustura dagoela, zein eskola porrota Espainiako batez bestekoa baino hamar puntu txikiagoa dela argudiatu du lehendakariak.

Era berean, PPko eta PSE-EEko legebiltzarkideek Hezkuntza Sailari egindako arrazakeria eta xenofobia salaketek ez dutela funtsik azaldu du: "Barne agiri horren bidez Jaurlaritzak zuen helburua etorkinak arrakastaren bermearekin eta askatasunez eskolatzea da, baina perbertsio baten ondorioz, delitu baten inguruko debatea bihurtu da guztia".

"Proposamenaren eztabaida kutsatu nahi dute"

Lehendakariaren iduriko, Hezkuntza Sailaren barne agiriaren inguruan eztabaida piztuz eta Iztuetaren aurka zentsura mozioak aurkeztuz, Jaurlaritzaren aurka "ernegazio" giroa sortu nahi dute PPk eta PSE-EEK. "Hori dute helburu, autogobernurako ardatzak diren gaietan sumindura sortzea. Jakin badakaite zentsura mozioek ez dutela aurrera egingo, eta horiek aurkeztea ez da euskal hezkuntza sistemari buruz eztabaidatzeko bide egokia", nabarmendu du.

PP eta PSE-EEren estrategia abertzaletasuna, Jaurlaritza, bazterketa eta xenofobia parekatzea dela adierazi du lehendakariak, eta parekatze horren bidez Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenaren eztabaida kutsatu eta eragotzi nahi dutela. Aitzitik, Jaurlaritzaren asmoa integrazioa dela gaineratu du, eta bere egitasmoaren ardatza dela Euskal Herrian bizi diren guztiak euskalduntzat hartzea, "nondik datozen kontuan hartu gabe", eta denen artean erabakaitzea zein norabide hartu.

Ibarretxek salaketei buelta eman eta PPri egotzi dio jokaera baztertzaileak izatea: "Izan ere, alderdi horrek imigrazioa ilegalitatearekin, paterekin eta sektarismoarekin lotzen du".

Celaaren iduriko, Iztuetak politika "nazionalista" bat darama, eta, ondorioz, ez ditu herritar guztiak aintzat hartzen, baizik eta abertzale direnak soilik. Funtsean, abertzaleentzako hezkuntza sistema bat eratzea leporatu dio PSE-EEko legebiltzarkideak sailburuari.

Ibarretxek hitza hartu aurretik, PSE-EEko Isabel Celaak eta PPko Iñaki Ortegak defenditu dituzten beren alderdien zentsura mozioak. Funtsean, "nazionalismoaren zerbitzura egotea" leporatu diote Iztuetari, eta horregatik kargua utz dezala eskatu dute.

PSE-EE: "Abertzaletasuna jartzen du interes orokorraren gainetik"

Celaak esan du Iztueta ez dela Hezkuntza Sailburu izateko gai, "abertzaletasuna jartzen baitu interes orokorraren gainetik". Horren adibidea hizkuntzarekin duen jokabidea dela azpimarratu du Celaak; hain zuzen ere, "nazionalistek" oro har, eta Iztuetaren sailak, zehazki, euskara hartzen dutela hizkuntza nazionaltzat azpimarratu du, eta, gaztelera baztertzen dutela.

Iñaki Ortegaren arabera, berriz, Iztuetaren orain arteko jardun guztia da gaitzesgarria, "Batasuna ilegalizatuari begira gobernatu baitu". Ortegaren iduriko, Hezkuntza sailburuak ez du erabaki bakar bat hartu Batasunaren oniritzirik gabe.

EAJren izenean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak berak egingo du Iztueta sailburuaren defentsa.

Otegi: "Gaurko eztabaida telebistan minutuan irabazteko tresna da"

Arnaldo Otegi Sozialista Abertzaleak taldeko eledunaren iritziz, gaurko oso bilkuraren helburua "telebista minutuak irabaztea besterik ez" da, sakoneko eztabaidari heldu gabe: "Hezkuntza sistema honek ez du elebitasuna bermatzen eta Maule edo Baionako ikasle bat etorkintzat hartzen du", adierazi du Otegik.

Halaber, euskara eta gaztelania EAEn ofizialak izan arren, Hezkuntza sistema honek ez du elebitasuna bermatzen, "hezkuntza ibilbidea amaitzerakoa ez baitago bermatuta ikasle horrek bi hizkuntzak hitz egingo dituenik". Horrez gain, EHUk Maule eta Baionako ikasleak "etorkintzat" hartzen dituela salatu du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.