Ezbeharra

30 urteko mendizale bat hil da Montferraten

Doneztebeko emakume bat da hildakoa, eta 400 metroko gain batetik jausi da

Montferrat mendiaren gailurra, Vignemaleren bestaldean. BERRIA
2023ko abuztuaren 8a
09:40
Entzun

Doneztebeko (Nafarroa) 30 urteko emakume bat hil zen atzo Montferraten, Huescan (Espainia). 400 metroko gain batetik jausi zen. Abisua eman ostean, mendiko erreskateetan aditua den talde bat gerturatu zen ezbeharra izan zen gunera, baina ezin izan zuten ezer egin. BoltaƱara eraman zuten gorpua, eta handik Huescako ospitalera.

Udara honetan mendian hil den laugarren euskal herritarra da. Uztailaren 22an beste ezbehar bat izan zen Europako mendietan, Espainian. Zeanuriko 54 urteko mendizale bat hil zen. Valdeon haranean izan zen, Sedo de la Padierna izeneko bidean. Leku malkartsua da, eta, larrialdi zerbitzuek jakinarazi zutenez, mendizalea erori egin zen. Larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri zituztenean, mendizalea konorterik gabe zegoen. Helikopteroz joan ziren haren bila, tokiko orografiagatik ezinezkoa baitzen harengana heltzea. Helikopteroak garabi batean atera zuen handik mendizalea, baina hilik zegoen ordurako.

Uztailaren 20an, beste gizonezko bat galdu zen Panticosan, Pirinioetan, beste bi lagunekin mendian zela. Mendizalearen lagunek abisua eman zuten, eta mendiko erreskate taldeak joan ziren bila. 21ean topatu zuten gorpua, Pico de Fazeraseko sakan batean.

Beste gizonezko bat ere hil zen uztailaren 9an. 58 urteko tafallar (Nafarroa) bat, Huescako Pirinioetan. Anso herriko Gameta tontorretik jaisten ari zela jazo zen ezbeharra. Guardia Zibilaren helikopteroa, Jakako mendiko erreskate taldea eta osasun langile bat bertaratu ziren; hara iristean, gizona hila zela baieztatu besterik ezin izan zuten egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.