Hendaiako atxikitze zentrotik lau gizon kanporatu dituztela jakinarazi du prefeturak

Frantziako Barne ministroak «bizia ezinezkoa» egin nahi die «migratzaile delitugileei», eta Frantziako Estatutik kanporatzeko prozedurak erraztu. CIMADEk salatu du «komunikazio hutsa» dela.

Frantziako polizia bat, Hendaiako atxikitze zentroan, atxikitu baten atzetik. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko azaroaren 8a
11:24
Entzun

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak agiri bidez prentsari jakinarazi dio departamenduak «paperik gabeko lau gizon» kanporatu dituela Frantziako Estatutik iragan astean. Laurak Hendaiako atxikitze zentroan hetsirik egon dira kanporatuak izan aitzin. Zehaztu dute lau gizonak «Polizia zerbitzuendako ezagunak» direla —ez dute erran kondenatuak izan diren ala ez—. Bakoitzaren inizialak eman ondoan, haien adina eta egindako delitua zerrendatu dituzte agirian. Ez da Frantziako Gobernuak migratzaileak kanporatzean egiten duen lehen komunikazio kanpaina: Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek ia egun guztiz ematen du kanporatze horien berri X sare sozialean.

Egunotan, Frantziako Senatua Darmaninek prestatutako Asilo eta Immigrazio Lege proiektua ikertzen ari da. Migratzaileen laguntzeko elkarteek jomugan daukate lege proiektu hori, eta salatu izan dute Frantziako eskuin muturra limurtzeko helburua duela. Izan ere, adierazi zuen «migratzaile delitugileei bizia ezinezkoa» egin nahi ziela.

Maite Etxeberri CIMADEko langilea da, eta laguntza juridikoa ematen die Hendaiako atxikitze zentroan atxikiak diren gizonei. Prefeturak igorritako agiria ikusita, honela mintzatu da: «Guretzat, eguneroko kontua da, atxikitze zentro bat egina da atzerritarrakatzerritar izate hutsagatik kanporatzeko. Beraz, bai, hala da, joan den astean lau kanporatu zituzten». Iazko kanporatzeen datuekin alderatu ditu aurtengoak, eta «berdintsuak» dira. Iaz, garai honetarako, 60 kanporatuak zituzten; aurten, 67. Haatik, gakoturik egon direnen kopurua argiki emendatu da: iaz, 243 izan ziren urte osoan, eta, aurten, jada 312 dira giltzapeturik egon direnak. Bi arrazoiengatik: bat, zentroan toki gehiago daude –24 ziren lehen, eta 30 orain–; bi, urte hasieran legez kanpoko atxiloketa anitz izan ziren, eta, beraz, «txandakatze» handiagoa izan da.

Dena dela, Etxeberrik uste du prefeturaren agiria «komunikazio hutsa» dela, eta Asilo eta Immigrazio Lege proiektuarekin lotu du: «Espektakuluan ari dira. Darmaninek dio delitugile atzerritarrak kanporatzen dituela, baina hori aspalditik egiten dute». Irmoki salatu du lege proiektua, eta erran atxikitze zentroetan giltzapeturik daudenen bizi baldintzak «anitz okertuko» dituela.

Kanporatzeak errazteko proiektua

Asilo eta Immigrazio Lege proiektuaren helburu gisa jarri du Darmaninek migratzaile delitugileak «aiseago kanporatzea». Zehazki, «immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko» lege gisa aurkeztu zuen neurri sorta. Eta legearen logika argiki azaldu zuen: «Zintzoekin zintzoak izanen gara; gaiztoekin, berriz, gaiztoak». Hala, «etorkin delitugileak Frantziatik kanpo ezarri» nahi ditu Barne ministroak, eta «lan egitera datozenak lagundu». Besteak beste, lege proiektuan jasotzen du kanporatze aginduen kontrako helegite posibleen kopurua hamabitik bira murriztea.

Nina Chaize Hendaiako atxikitze zentroko CIMADE elkarteko zuzenbide adituarekin hitz egin zuen BERRIAk iazko abenduan, Asilo eta Immigrazio Legeari buruz, eta hark azaldu zuen migratzaileak «kriminalizatzeko» arriskua ikusten duela. «Delitugilea izatea zer da? Deliturik ohikoenak prekaritateari lotutakoak dira, eta migratzaileak biziki egoera prekarioetan bizi dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.