Politika

PPk alderdia sortuko du Nafarroan

UPNko zuzendaritzak aldi baterako alderditik kanpo utzi zituen atzo Cervera eta Del Burgo, eta Raxoik gaur agindu du Nafarroan alderdia eratzeko pausoak emateko. 1991n sinatu zuten ituna, eta PPk dio UPNk hautsitzat eman duela.

2008ko urriaren 28a
14:54
Entzun
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak eman du gaur eguerdian berria: Nafarroan alderdia sortuko du PPk, eta berehala ekingo diote pausoak emateari -egoitza, arduradunak...-. Mariaxo Raxoi alderdiko presidenteak eman du agindua gaur, Espainiako Kongresuko talde parlamentarioak Madrilen egin duen bileran. Efe berri agentziaren arabera, txaloz hartu dute legebiltzarkideek erabakia.

UPNk eta PPk 1991n sinatu zuten ituna, eta De Cospedalek agertu du beraiek uste dutela UPNk hautsitzat eman duela ituna. "Nafarroan berriro egon nahi dugu, eta hori gure boto-emaileek garbi daukate". UPNrekin hitz egiteko prest daudela esan du idazkari nagusiak, "baina haiek deitu beharko digute".

Atzo arratsean UPNko zuzendaritzak aldi baterako alderditik kanpo utzi zuen Santiago Cervera diputatua -Jaime Ignacio Del Burgo diputatu ohia ere bai-, Espainiako aurrekontuez UPNren erabakia bete ez zuelako lehengo asteko bozketan -UPNk abstenitzea erabaki zuen eta Cerverak PPren osoko zuzenketaren alde eman zuen botoa-. Horrek eragin du PPren gaurko erreakzioa. Lehengo astean UPNko "gaurko zuzendaritzarekin harremana etetea" erabaki zuen.

Cerverak, Del Burgok eta UPNko militante denek PPko "ateak zabalik" dituztela jakinarazi du De Cospedalek. Aurrenak PPko zuzendaritzako kide izaten segituko du.

Cervera UPNk Kongresuan daukan diputatuetako batek ez du gaur adierazpenik egin nahi izan bere alderdiak atzo hartu zuen erabakiaz. PPko talde parlamentarioak Madrilen egindako bilerara joan da, eta ez du komunikabideen aurrean deus esan neurriaz. "Patxada dudan pertsona naiz, eta uste dut ez zaidala falta orain hori"; hori besterik ez du aipatu gaur, eta esan beharrekoak UPNko Diziplina Batzordean esango dituela.

Carlos Salvador UPNko beste diputatua ere izan da gaur PPren bileran -hark UPNk esandakoa bozkatu zuen-, eta berak ere ez du ezer adierazi. PPk argitu du ez dutela talde parlamentariotik bidaliko Salvador, eta Cerverak taldeko kide izaten segituko duela. "Izan ere, PPko erabakiak PPk hartzen ditu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.