Politika

Otegik dio ezker abertzaleak gidatu behar duela independentzia lortzeko bidea

EAJ ordezkatu beharra ikusten du, haiekin independentzia ez dela sekula lortuko uste baitu. 'Zer errepublika?’ gogoeta eta eztabaida jardunaldien sarrera hitzaldia egin du, Donostian, Alfonso Sastrerekin batera.

2008ko azaroaren 19a
13:34
Entzun
Ezker abertzaleak bereganatu behar du independentziaren bidea erakusteko ardura, Arnaldo Otegiren ustez. Euskal Herriko gatazkaren irtenbidea hortik etorriko dela argi dauka, eta haren erranetan, ezker abertzaleari dagokio Euskal Herriko gehiengoa hortaz konbenzitzea, alegia independentzia eta sozialismoa direla haien eguneroko arazoen konponbidea. Madrilekiko harremanetan EAJ ordezkatzeko premia ikusten du, «hipoteka ekonomiko eta politikoen» menpe baitago.

Horrela hitz egin du atzo arratsaldean Alfonso Sastre idazlearekin batera Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eman duen hitzaldian. Aske elkarteak gomitatu zituen Zer errepublika? izenburuko gogoeta eta eztabaida jardunaldiei hasiera emateko. Ekitaldiak arrakasta handia izan du, eta aretoaren barnean zeuden 250 lagunez gain, bertze 150ek kanpoan gelditu behar izan dute bideokonferentzia bitartez eztabaida jarraitzen.

Otegiren errepublika erakunde bat baino gehiago da, «etikan oinarritzen den agintearen erabilera». Balioak izan behar ditu ardatz nagusi, eta horren harira, bost nagusi aipatu ditu. Arrazoia eta eztabaida beharrezkoak ikusten ditu agintean. «Ideia guztiak eztabaidatu behar dira, eta deus ez da mugiezina». Askatasuna jo du balio nagusitzat, bai norberarena, baita herri edo taldeena ere. «Ez dago ezer horren gainetik». Berdintasunari dagokionez, maiz erabiltzen den kontzeptu hutsari bertze ezaugarri bat erantsiko lioke Otegik. «Gizakien arteko berdintasuna aipatzen da, eta horrekin bat nator, baina ekonomikoa ere gehitu behar zaio». Eztabaidarekin lotuta, parte-hartzea ziurtatzen duen errepublika aurreikusten du, biak batera baitoaz, haren erranetan. Azkenik, errepublikak laikoa izan behar luke. «Ez naiz erlijioaren aurkakoa, baina iruditzen zait esparru pribatuan egon behar duela, eta ez herri baten gobernuan».

Errepublika horretara heltzeko estrategiari buruz hitz egin du, eta aipatutako balioak ezinbestekotzat jo ditu askapen prozesuan. Gisa berean, premiazkoa iruditzen zaio hausnartzea Euskal Herriaren independentzia nori komeni zaion. Otegik argi dauka: langileriari eta herritar xumeei. Hori errateko, ELA eta LAB sindikatu abertzaleen emaitzetan oinarritzen da. Irakurketa horretatik abiatuz, beharrezkoa ikusten du Euskal Herriko gehiengoa konbentzitzea, eztabaidari beldurrik izan gabe, eta elkartasuna erakutsiz sistema neoliberalaren aurka joateko orduan.

Askapen prozesuan gaur egun dagoen «blokeoa» aspalditik dator, Otegiren erranetan. Espainiako Konstituzioa jo du errudun, baita Xibertako negoziazioak ere. «Duela 30 urte gutxieneko batzuk onartu bagenitu, gauzak ezberdinak izanen lirateke orain». Francoren diktaduraren ondoren «hausturaren» apustua egin ordez erreformarena egin izana okerra izan zen, Otegiren ustez. Hala ere, baikor dago mugimendu herritar independentista eta sozialista bizirik jarraitzen duelako, haren arabera. «Espainiako Konstituzioak bi helburu nagusi zituen, Euskal Herria Espainiaren barnean urtzea eta proiektu independentista desegitea. Baina hiru hamarkada geroagoa hemen jarraitzen dugu».

Azken egunetako gorabeherei buruz ere aritu da, eta galdera bati erantzunez argi utzi botoa ez diola EAri emango, baina begi onez ikusi du Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan EAJrekin koalizioan ez joatea. «Azkenean nik diodanarekin bat dator, ohartu baita EAJrekin ez dagoela Euskal Herriko independentzia lortzerik».

Publikoarekin eztabaidan ari zirela, parte-hartzaile batek ezker abertzaleari leporatu dio independentziari garrantzi gehiegi ematea, eta ezkerreko politikari behar bezalako tokia ez ematea. Otegik iritzia errespetatu du, baina agian nahasita zegoela ohartarazi. «AHTri edo Pasaiako portuari buruzko prentsaurrekoetan ez da kazetaririk agertzen, eta etortzen bada, bortizkeriari buruz edo gaitzespen bati buruz galdetzeko da, benetako mamia baztertuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.