ERREAKZIOAK. Atentatua gogor gaitzetsi dute alderdi gehienek

2008ko abenduaren 3a
20:56
Entzun
Atentatua AHTrekin lotu du EAJk, eta ETAk "gizarte honen etorkizuna" hil nahi duela iritzi dio

Andoni Ortuzar EAJren BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gogor gaitzetsi du Inazio Uria enpresaburuaren hilketa, eta AHTren Euskal Y proiektuaren eraikuntzarekin lotu du atentatua. Ildo horretatik, Uria hiltzearekin batera ETAk "gizarte honen etorkizuna" hil nahi izan duela adierazi du Ortuzarrek: "Inazio Uria hiltzean pertsona bat eta enpresaburu bat hiltzeaz gain, gizarte honen etorkizuna hil nahi izan du nolabait ETAk; etorkizuna hiltzea edo aurrera egin dezan galaraztea", azpimarratu du.

PSE-EE: "ETA da herri honen arazo nagusia"

"Inork zalantzarik bazuen ere, ETA da herri honen arazo nagusia", adierazi du Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, atentatua gaitzestean. Beste zenbait alderdik egin bezala, PSE-EEko buruzagiak ere Euskal Y-rekin lotu du gaurko atentatua, eta ETAren helburua "herri hau hondatzea" dela iritzi dio. Enpresaburuei miresmena agertu die, dirua ez ezik, beren burua ere arriskuan jartzen dutelako.

Eusko Legebiltzarra AHTren alde dagoela, eta ETAk ez duela borondate hori makurraraziko azpimarratu du EAk

"Dudarik gabe ETA izurritea da Euskal Herriarentzat", adierazi du Unai Ziarreta EAko presidenteak Inazio Uriaren hilketa gaitzesteko. EAko buruzagiak ere Euskal Y-rekin lotu du atentatua, eta nabarmendu du azpiegitura proiektu horrek Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren babesa duela, eta ETAk ez duela borondate hori makurraraziko. Normalizazio politikoa giza eskubideak errespetatuz erdietsiko dela erantsi du.

Bortizkeria ez dela Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidea nabarmendu du Aralarrek

"Irmo" gaitzetsi du Aralarrek Inazio Uriaren hilketa, eta, halaber, armak behin betiko uzteko eskatu dio ETAri. "Bortizkeria ez da Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko bidea, eta bide politiko hutsen aldeko apustua exigitu beharrean gara. Giza eskubide guztiak, inolako salbuespenik gabe, aldarrikatzen ditugu", azpimarratu du Patxi Zabaleta koordinatzaileak.

Ezker abertzaleak "kezkaz" ikusten du Euskal Herriko egoera

Ezker abertzaleak Inazio Uriaren senideei eta ingurukoei elkartasuna agertu die, eta Euskal Herria bizitzen ari den egoera "kezkaz" bizitzen ari dela dio. "Blokeoa dago, konfrontazioa eta eskubide urraketa. Horrek behin betiko ahaleginak egitera behartzen gaitu denok, konponbidea lortzeko".

"Basakeriaren kontra oldartzeko" eskatu die BAKek herritarrei

Inazio Uriaren hilketa gaitzesteko elkarretaratze isilak antolatu ditu biharko BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak, eta haietan parte hartzeko deia egin die herritarrei; zehatzago, "basakeriaren kontra oldartzeko" galdegin die.

Julian Eizmendi (Azpeitiko EAJko zinegotzia)

"Gure doluminik sentikorrena Inazio Uriaren sendiari eta ingurukoei. Gertaera basati honen aurrean herriaren gaitzespena eta haserrea ere adierazi nahi dugu".

Manoli Uranga (Azpeitiko PSE-EEko zinegotzi ohia)

"Ez dago eskubiderik honetarako. Hau baldin bada irtenbide bakarra, herritarrak alfer-alferrik gaude Euskal Herrian".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.