TALDEEN HITZALDIAK. Aralar: "Gobernua frontista izango da, baztertzailea eta espainolista"

2009ko maiatzaren 5a
19:54
Entzun
EAJ (Joseba Egibar)

- "Gizarteak babesa Ibarretxeri eman zion, EAJri, baina PSEk oraindik ez du aitortu Ibarretxek irabazi zuenik.

- Lopez hona [lehendakaritzara] ekarri duena [Espainiako] Alderdien Legea eta PPren 13 botoak izan dira. Iragarritako alternatiba perfekzionatu egin duzue.

- Hemen ez dago, ordea, gizarte osoa ordezkatuta. Bestela pentsatzen duena oinarrizko arazoa dauka. Milaka herritarren ordezkaritza falta da eta milaka herritar horiek ez daude ETAren esanetara.

- PSEk pikatutara bidali du zeharkakotasunaren eta aniztasunaren diskurtsoa.

- Legebiltzar honek erabakitzen duena da Espainiako Estatuaren arazoa.

- Lopez jauna, [EAEko] Estatutua berritu nahi baduzu, errespeta ezazu parlamentu honek esan zuena.

- EAJk oposizioa arduraz egingo dugu. Eta ez dugu onartuko herri honi itxaropena kentzea".

PSE-EE (Jose Antonio Pastor)

- "Bukatu da frontismoa, bukatu dira lubakiak. Hemen legeak egiteko gaude, Estatutua oinarri hartuta. Hortik kanpo ezin da ezer egin.

- Ibarretxe ez da agintari ona izan. Herria berea soilik balitz bezala aritu da.

- Aro berria hasiko dugu, lasaia, tragediarik gabe. Lau urte ditugu aurretik, elkarrizketa erabilita akordio aberatsak izateko.

- EAJ oposizioan izango da, eta hortik ere egin daiteke politika. Lasaitasuna eskatzen diot.

- Ibarretxe gutxiengoan egon da azkeneko legealdian ere, eta lege garrantzitsuenak eta aurrekontuak guri esker atera izan ditu".

PP (Antonio Basagoiti)

- "Aldaketaren alde bozkatuko dugu, eta horregatik Lopez babestuko dugu.

- ETAren aurka eta askatasunaren eta bakearen alde borrokatuko dugu. Ibarretxeren gobernua oso urrun egon da helburu horietatik.

- Ibarretxeren gobernua kezkatuagoa egon da sua pizteagatik, itzaltzeagatik baino. Euskadiren zentzua lotsagarri utzi du eta hori ez da Euskadik behar duena.

- Euskarak herritarrak batzeko balio behar du, ez banatzeko.

- Euskadiren berezko ezaugarriak dira pluraltasuna eta aniztasuna. Eratu den Legebiltzarra horren erakusle da.

- Demokraziaren aurkakoak diren ideiak izan ezik, beste guztiak onartu behar dira".

(Hitzaldia hemen)

Aralar (Aintzane Ezenarro)

- "Legebiltzar honetan ez gaude denak ordezkatuta. Gehiengoaren nahia bortxatuz fronte espainola osatu duzue.

- PSEk eratuko duen gobernua frontista izango da, baztertzailea eta espainolista. Zuen diskurtsoan atzera egin duzue, estatu arrazoiengatik.

- Gu elkarrizketa zaleak gara, eta elkarrizketaren bidez egingo da herri hau.

- Bakea lortzeko sufrimendu denen aitortza bera behar da eta elkarrizketa. Lopezek, ordea, ez digu esan zein den bere ibilbide orria, eta aurkez dezala eskatzen diogu. Ibarretxek gaur bai, gaur burujabetzaren aldeko diskurtso garbia egin du.

- Erabaki eskubidea dugu euskal herritarrok, eta adostu egin behar da XXI. mendean nola gauzatu nahi dugu eskubide hori. Gobernu aldaketa egongo da, baina bidea ez da eten; ez dugu guk esaten, gizartearen gehiengoak baizik.

- Herri honek kostatuta egindako bidearen aurkako aldaketa egin nahi dute PSEk eta PPk.

- Euskara inposatua dagoela esaten duzue. Hemen inposatzen den hizkuntza bakarra gaztelera da. Nola bermatuko dituzue euskaldunon eskubideak? Ez duzue esan, eta aurrean izango gaituzue.

- Ez dugu bat egiten PSEren eta EAJren eredu sozioekonomikoarekin, bestelako gizarte eredua nahi dugu. Politika sozial aurrerakoia nahi dugu, aldaketa estrukturala, eta horregatik beharrezkoa da borroka sindikala. Hilaren 21eko greba deialdia babestuko dugu horregatik.

- Krisiari ezkerretik egin behar zaio aurre, baina Lopezen bezalako lidergorik ez da behar.

- Ezkerrekoak gara eta abertzaleak. Ezker abertzale politikoaren alternatiba eraginkorra eratu nahi dugu, eta lortuko dugu".

- (hitzaldi osoa euskaraz egin du. Hitzaldia osorik hemen)

EA (Jesus Mari Larrazabal)

- "Ibarretxeri emango diot nire botoa, eta baldintzarik gabekoa izango da EAren boto hori.

- Legezkoa izango balitz boto negatiboa emango nioke Lopezi.

- ETAren aurkako borroka ez da errepresio polizialen bitartez lortuko. Ez dugu porrotera bideratuta dagoen Ajuria Eneako hitzarmenean parte hartuko.

- PPren eta PSE-EEren politika anormalizazio politika da.

- Euskara da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako berezko hizkuntza; hau da, hizkuntza ofiziala. Lopezek ez du unibertsitateko ikasketak euskaraz egitearen inguruko adierazpenik egin; bai, ordea, ingelesez egitearen inguruan".

EB (Mikel Arana)

- Krisi gogorra dugu eta PSE-PP akordioarekin gizarte arloan atzera egingo dugun kezka daukagu. Oso dezepzionatuta gaude itun horrekin. Lopez jauna, PPk ez dizu doako botorik emango.

- SEk EBrekin aritu nahi badu, hauek dira neurriak: 1. Politika fiskal berria. Gehien duenak gehien ordaindu. 2. Hezkuntza Lege berria, sare publikoa indartuz. 3. Etxebizitza Legea martxan jarri. 4. EITBko administrazio kontseiluan kide independentez osatu. 5. Heriotza duina legeztatu. 6. Bakea lortzeko elkarrizketa mahaia sortu, bazterkeriarik gabe.

- Ez gara Lopezen alde azalduko, abstenitu egingo gara.

- Ibarretxeren kasuan ere abstenitu egingo gara. Eztabaida identitarioa bazterrean utzi behar da, gizarteko benetako arazoei eusteko".

UPD (Gorka Maneiro)

- Gurasoek beren seme-alabek zein hizkuntzatan ikasi nahi duten aukeratzeko eskubidea defendatuko dugu. Kontuan hartu behar da Euskadiko herritarren %70aren ama hizkuntza gaztelania dela.

- Alternatiba lortzen saiatu behar du Lopezek eta aldizkatzearekin soilik ez konformatu.

- ETAren aurka egiteko alderdi demokratiko guztien artean elkarrizketa politikoa bultzatuko dugu.

- Indarkeria erabiltzen eta babesten dutenekin ez dugu hitz egingo. Biktimen duintasuna babestuko dugu guztiaren gainetik.

- Ibarretxek gizartea zatitu du. Ez dugu zure alde bozkatuko gaur. Lopez babestuko dugu, aldaketa gauzatzeko.

- Komunikabide independenteak, elebidunak eta herritar guztien zerbitzura daudenak defendatuko ditugu.

- Euskara bermatu behar da, baina inposaketarik gabe.

- Krisiaren aurkako hitzarmen soziala defendatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.