Kronologia

2009ko ekainaren 30a
11:52
Entzun
PP-PSOE ituna (2000-12-12). PPk eta PSOEk Terrorismoaren Kontrako eta Askatasunen Aldeko Ituna sinatu zuten Moncloan; itun horren baitan sortu zen Espainiako Alderdien Legea.

Madinaren kontrako atentatua (2002-2-19). PPk eta PSOEk Itunaren bilera zuten egun berean ETAk atentatua egin zuen PSE-EEko Eduardo Madinaren aurka. Egun horretan, PPk eta PSOEk iragarri zuten Alderdien Legea aldatzeko akordioa.

Espainiako Kongresuak lege erreforma onartu zuen (2002-6-4). Kongresuak, aurrez Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako legeari aldaketa txiki batzuk egin ostean, onarpena eman zion legeari.

Alderdien Legea indarrean (2002-6-29). PPk eta PSOEk Alderdien Legea aldatzea hitzartu eta lau hilabetera indarrean sartu zen.

Garzonen kolpea (2002-8-26). Ikasturtea hasi zen egun berean, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak auto bat kaleratu eta Batasunaren egoitzak itxi eta alderdiaren jarduerak eteteko agindu zuen. Egun berean, Espainiako Kongresuko lehen osoko bilkura izan zen; eta Kongresuak Batasunaren legez kanporatze prozesua hasteko eskaera egin zion Jose Maria Aznarren (PP) gobernuari.

Gobernua eta Fiskaltza, bat eginik (2002-9-3). Espainiako Gobernuak eta Fiskaltza Nagusiak egun berean aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean Batasuna legez kanporatzeko eskaera.

Jaurlaritzaren helegitea Konstituzionalean (2002-9-28). Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen Alderdien Legearen aurka, Auzitegi Konstituzionalean. Legeak oinarrizko eskubideak urratzen dituela argudiatu zuen.

Jaurlaritzaren helegiteari erantzuna (2003-3-12). Auzitegi Konstituzionalak Alderdien Legearen baliogarritasuna berretsi zuen, eta Jaurlaritzaren helegitea atzera bota.

Batasunaren legez kanporatzea (2003-3-17). Epaiketa azkar eta deliberazio azkarragoen ostean, Auzitegi Gorenak Batasunaren, HBren eta EHren legez kanporatzea agindu zuen, Alderdien Legea urratzeagatik.

Nafarroan SA deseginda (2003-4-30). Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Sozialista Abertzaleak (SA) taldea desegin zuen.

AuB eta herri plataformak baliogabetuta (2003-5-8). Fiskaltzaren zein Estatuko Abokatuaren inpugnazioak aztertu, eta maiatzaren 3an Gorenak AuB eta 250 bat herri plataforma baliogabetu zituen. Erabaki hori Konstituzionalak berretsi zuen maiatzaren 8an, salbuespen bakan batzurekin.

150.000 herritar boto eskubiderik gabe (2003-5-25). Maiatzaren 25eko udal eta foru hauteskundeetan AuBk eta herri plataformek jasotako botoak baliogabetzat jo zituzten.

Eusko Legebiltzarrean, SA indarrean (2003-6-6). Eusko Legebiltzarrak behin eta berriro egin zion uko SA desegiteari. Horregatik EAEko Auzitegi Nagusian inputatu egin zuten Legebiltzarreko Mahaia. Kargu-gabetze zigorra jarri zieten Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorri.

Eusko Jaurlaritza, Alderdien Legea Estrasburgora (2003-9-10). Giza eskubideak urratzen zirela argudiatuz Alderdien Legea baliogabetzeko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak. 2004ko otsailaren 9an helegitea tramiterako ez onartzea ebatzi zuen Estrasburgoko Auzitegiak, Jaurlaritza "gobernu erakundea" denez horretarako zilegitasunik ez zuela argudiatuta.

221 helegite Estrasburgon (2003-11-6). AuB eta legez kanporatutako herri plataformen izenean 221 helegite aurkeztu zituen Pernando Barrenak Europako Giza Eskubideen Auzitegian.

Konstituzionalak Batasunaren legez kanporatzea berretsi zuen (2004-1-16). Batasunak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako babes helegitea atzera bota zuen.

Europako hauteskundeetara aurkezteko zerrenda aurkeztu zuen HZk (2004-5-10). Herritarren Zerrendak Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu zuen, baina legez kanporatua egin zuten. Halere, Iparraldean legezkoa zen zerrenda hegoaldeko etxeetan banatu zuten, eta 120.000 bototik gora lortu zituzten.

Helegitea Europan (2004-7-19). Defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea sartu zuen, Batasunaren legez kanporatzearen aurka.

Tramitera onartua (2007-abendua). Europak biltzeko eta adierazpen eskubideei buruzko defentsa helegitea tramitera onartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.