gizartea

Klima aldaketaren aurkako itun berria hizpide, gaurtik hasita Kopenhagen

Gas isurketak murriztea da itun horren helburu nagusia eta munduko ekonomiarik handienek konpromiso horrekin bat egin dute. AEBek ez.

2009ko abenduaren 7a
17:16
Entzun
Klima aldaketari buruzko goi bilera egingo dute gaur hasi eta hamabi egunetan zehar Kopenhagen (Danimarka) eta besteak beste, Kyotoko protokoloa ordezkatuko duen ituna onartzen saiatuko dira. Itun horren xede nagusiena gas isurketak murriztea da. Munduko ekonomiarik handienek ere konpromiso horrekin bat egin dute -Ameriketako Estatu Batuak salbuespen nagusi dira-. Horiek guztiek, 2008 eta 2012 artean, helburu komuna erdietsi behar dute: hemendik hiru urtera, denera, gas isurketak %5,2 gutxitzea -erreferentziatzat 1990eko igorpen maila hartuko da-.

Haatik, herrialde bakoitzak izan duen hazkunde ekonomikoaren araberako ahalegina egiteko aukera ematen du Kyotoko protokoloak. Hortaz, gutxitzeek ez dute zertan guztietan berak izan.

EB Europako Batasunak, besteak beste, 2012rako gasak %8 murrizteko konpromisoa hartu du. Batez besteko hori lortzeko, baina, estatu kide bakoitzari emaitza jakin bat agindu dio Bruselak: hala, Alemaniak eta Danimarkak %21 murriztuko dituzte. Portugalek, berriz, gas isurketak handitzea mugatu behar du soilik. Hemendik hiru urtera, hortaz, 1990ean isurtzen zuena baino gehiago igorri ahalko du. Igoera horrek, baina, ezin izango du %27koa baino handiagoa izan.

Kyotoko Protokoloa orain hamabi urte onartu zuten, 1997an. Aldiz, Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmena, protokoloari eusten dion dokumentua, hiru urte lehenagotik zen indarrean. Hark eman zien bide Kyotokoan jasotzen diren konpromisoei; protokoloak, berriz, eduki juridikoa ematen dio asmo onak besterik jasotzen ez dituen itun horri. Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenak nazioartean kontzientzia sortzea du helburu; ez besterik. Kyotoko Protokoloak, aldiz, bete beharreko xedeak zerrendatzen ditu; eta haiek estatu sinatzaile guztiak lotzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.