politika

Europa berrirako urratsak

Kultur erakustaldi oparoa antolatu du Nazioen Mundua ekimenak Ordizian larunbaterako. Eskoziarrekin batera, autodeterminazioaren alde sortzen ari den olatua hartzeko deia egin nahi dute Unea Iritsi Da jaialdiaren bidez.

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2010eko urriaren 11
11:35
Entzun
Norberaren hizkuntza, tradizio eta ohiturekiko atxikimendua, paisaia, eguraldia... parekotasun asko daude Eskozia eta Euskal Herriaren artean. Baina, antzekotasunak antzekotasun, diferentziarik ere bada bi herrien artean: “Han ez dute arazo gisa hartzen autodeterminazioaren gaia”. Angel Oiarbide Idiazabalgo herri kiroletako taldekide gisa izan zen Eskozian2007an, eta herrialde hartatik jaso duten irakaspenetako bat autodeterminazio eskubidea “sentitzeko” era diferente hori izan da. Berezko eskubidetzat daukatela ohartzea, alegia.

Erresuma Batuko norabait joateko aukera sortu zitzaiela aprobetxatuz, Eskoziara joatea erabaki zuten kirol taldeko kideek: “Argi genuen bidaia honek beste dimentsio bat emango ziola gure jardunari, eta helburua bi herrien artean zubiak eraikitzea izan behar zuela”. Izan ere, Idiazabalgo herri kirol taldean beti saiatu dira herritarrak kohesionatzen dituen ondoko gaiak lantzen: euskara, euskal selekzioa eta autodeterminazioa, besteak beste. “Eta oinarri horietan eta herri kirol taldearen kimutik loratu da Nazioen Mundua herri ekimena”.

Urte hartaz geroztik, Nazioen Mundua herri ekimenak hainbat ekimen egin ditu nazioen autodeterminazio eskubidearen alde, eta norabide horretan, nazioek elkar hobeto ezagut dezaten eta batak bestearengatik irakaspenak atera ditzaten, harreman zubiak eraiki dituzte. Betiere, eurek hobekien dakitena eginez: herri kirolen erakustaldiak eta euskal kultur adierazpenen emanaldiak.

Horiek horrela, Eskoziarako bidaia errepikatu egin zuten 2008ko Aste Santuan. Orduan ehun lagunetik gora joan ziren: Idiazabalgo kirolariak, Beasaingo dantzariak eta Iruñeko joaldunak tartean.

Eta Highlands eskualdera joan ziren; “Eskoziako Goierrira, alegia”.Hau da, Idiazabal dagoen Gipuzkoako eskualdearen izen bereko herrialdera. Han izugarrizko harrera egin zietela nabarmendu du Oiarbidek. Eta iaz, berriz joan ziren, Highland Games herri kirolen lehiaketan parte hartzera gonbidatu baitzituzten -bost urtean behin jokatzen dira, Inverness hirian-. “Euskal Herria izan zen parte hartu zuten hamar nazioetako bat”.

Eskoziatik ikasi

Gaur-gaurkoz, Eskoziarekin batera, Kataluniarekin ondu dituzte loturak Nazioen Mundua herri ekimeneko kideek. Hala, iaz Bartzelonara eta Gironara joan ziren Nazioen Mundua herri ekimeneko kideak, eta aurtengo udaberrian Idiazabalen izan dira kataluniarrak. Bi herrietako kultur ekitaldiek bete zituzten hango eta hemengo egitarauak.

Aurtengo udazkenean, ordea, jauzi bat aurrera egingo du Nazioen Mundua herri ekimenak.Hala, datorren larunbatean, Eskoziatik kanpo Europan egingoden eskoziar kultur erakustaldirik “handiena” izango da Euskal Herrian, Ordizian, Goierrin.

Unea Iritsi Da izenburupean, Eskoziako, Euskal Herriko eta beste hainbat naziotako herri kirolari ugari ariko dira elkarren artean lehian, eta Eskoziatik pailazoak, musikariak, kantariak, gaelikoa bultzatzen dabiltzan adituak eta ordezkari politikoak etorriko dira. Besteak beste, Highlandseko zinegotziak eta Rob Gibson Eskoziako parlamentaria. Gibson SPN alderdi abertzaleko kidea da, eta Highlands eskualdeko ordezkaria ere bada.

Angel Oiarbidek zehaztu du Eskozian autodeterminazioari buruz egin asmo zuten erreferendumaren karietara antolatu zutela egun hauetarako jaialdia. Baina, azkenean, erreferenduma egiteko eguna eduki gabe etorriko dira eskoziarrak Euskal Herrira. Izan ere, atzeratzen ari da 2007an Eskoziako lehendakariak eginiko erreferendum iragarpena.

Urte hartan, SNP alderdi abertzaleak Eskoziako hauteskundeak irabazi zituen, eta Alex Salmon lehendakariak iragarri zuen 2010eko azaroan erreferenduma antolatuko zuela Eskoziaren autodeterminazioari buruz. “2008ko bidaian, hainbat ordezkari politikorekin bildu ginen Edinburgon -bai udaletxean, bai parlamentuan-, eta erreferendumaz galdetuta inork ez zuen zalantzan jartzen autodeterminazio eskubidea”. Unionistek, adibidez, ezezkoaren aldeko kanpaina egingo zutela esan zieten argi eta garbi Oiarbide eta bidaideei. Dena dela, argi utzi zieten ez zutela onartuko Erresuma Batuak erreferenduma galaraztea.

Erreferendum horrek Europan sortuko zuen inertzia aprobetxatzea zen Nazioen Mundua ekimenaren nahia, “autodeterminazioa utopia gisa ikusteari uzteko”. Baina Eskoziako abertzaleek beren parlamentuan gehiengo nahikorik ez dutelako atzeratu egin da momentuz aipatutako erreferenduma. “Baina ezin dugu aukera hau galdu; Groenlandia eta Quebecekin galdu genituen. Erreferendum horrek sortuko duen tsunamia aprobetxatu behar dugu”.

Hala, eskoziarrak bidea urratzen hasi direla dio Oiarbidek, eta euskal herritarrek haiekin batera aurrera eginez gero autodeterminazioaren aldeko giroa eta abagunea sortuko dela Europa mendebaldean: “Autodeterminazioaren aldeko olatua badator; hori sortzeko uhin korronteak mugimenduan dabiltza”.

Urte hauetan guztietan euren aldarrien inguruan bildu den jendearen emanak ez ezik egungo egoera politikoak ere autodeterminazioaren aldeko giroa ahalbidetzen duelakoan daude Nazioen Mundua ekimenekoak.

Hala, eurena herri batetik sortutako ekimena bada ere, haren jardunaren oihartzuna dagokien eskualdean zein Euskal Herri osoan adibide gisa hartzea proposatzen dute, “eta autodeterminazioaren aldeko auzolan nazional bat garatzea”. Bide horretan, joan den maiatzean Goierriko hainbat lagun ezagunek sinatu zuten agiria -Igartzako Manifestua- aurrerapauso handia izan dela dio Oiarbidek. Izan ere, hainbat alderditako jendea eta gizarteko esparru ugaritako jende ezaguna batu zen manifestuaren inguruan.

Eskualdean bultzatu zuten manifestua eta egin dituzten antzeko agerraldien funtsa Euskal Herri osora zabaldu nahi dituzte orain, eta horregatik atera zuten atzo Donostiako Miramar jauregian argazki “puskatzailea”. Azken batean, “borroka politikoaren menean zikindu den autodeterminazioaren kontzeptua garbituta” itzuli nahi baitiote gizarteari. Finean, aldarrikapen utopikoa izateari uztea eta eskubide gisa onartzea lortu nahi dute.

Ideologia guztietako euskal herritarrek autodeterminazioaren “oinarrizko eskubidearen alde” bat egiten dutela sinetsita daude. “Hori aitortu eta gero, nork bere bidearen alde egingo du”. Unea iritsi baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.