2004-05-04

Manex Goihenetxe hil da, gure historialari nazionala

Manex Goihenetxeren gorpua eta emazte batena atzo aurkitu zituzten pic du biscau (biarno) mendian. Antza, elur istripu baten ondorioz hil ziren igandean

2004ko maiatzaren 7a
13:49
Entzun
NORA ARBELBIDE - BAIONA

Olorongo Mendi Saileko Gendarmeriak atzo arrastirian konfirmatu zuen Manex Goihenetxeren eta Anne-Marie Lhanden izeneko emazte baten gorpuak aurkitu zituela Pic du Biscau mendian, Biarnon, Ossau ibarrean, Gabasen ondoan, Aurkikuntza 12:40an izan zen. Biak igande goizean abiatu ziren mendira eta arratsean etxeratzekoak ziren. Ez zirela itzuli ikusita, familiak abisua eman zuen Gendarmerian. Olorongo Mendi Saileko gendarmeek aparkalekuan haien autoa atzeman zuten. Bilaketak hasi zituzten baina gaua jin zitzaiela miaketak bertan behera utzi behar izan zituzten.

Atzo goizean, eguraldi txarra zela-eta, oinez abiatu ziren gendarmeak, eguerdian bi gorpuak atzeman arte. Gaur helikopteroarekin harkaitzetara joatekoak dira ezbeharra nola gertatu zen zuzen ikusteko; antza, elurrak eragin istripuan hil ziren.

Historialaria, euskaltzalea, abertzalea

Manex Goihenetxe Ezterenzubin jaio zen 1942an, baina aspalditik Angelun bizi zen. Anne-Marie Lhande hazpandarra zen. Biek ere 62 urte zituzten.

Euskaltzale Baionako unibertsitatean euskaraz klaseak ematen lehena izan zen, abertzale EHAS alderdiaren sortzaileetakoa izan zen eta irakaskuntzari lotua izan zen Goihenetxe iaz arte Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendari eta irakasle izan zen. UEUko lehen idazkari nagusia izan zen, eta bertako zuzendaria 1973tik 1976ra. Dena den, bereziki historialari gisa zen ezaguna. Izugarriko lana uzten du bere gibelean. Bere obra nagusia, Euskal Herriko Historia da. Bosgarren alea ari zen idazten, XIX. mendeaz. Ekainean argitaratzekoa zuen Elkar argitaletxean. «Historia orokorrari buruzko liburuak badaude. Baina berezko ezaugarriak dituen herri bat baldin bada, herri horrek eskatzen du bere historia orokorra eta nazionala egitea», adierazi zuen Goihenetxek lan horretaz galdetuta. 70eko hamarkadan idatzi zituen lehen liburuak. Bere lehen tesia Nafarroa Behereko instituzioez egin zuen eta bigarrena Euskal Herriko historiografiaz. Bere bi lehen liburuak panfletoak izan ziren. Bata frantses kulturaren alde errepresiboaz eta bestea Ipar Euskal Herria herri kolonizatu bat bezala aurkeztu zuen. Baina ordu gehienak Euskal Herriko Historia Nazionala idazteko lanak kendu zizkion. Orain dela urtebete Egunero-k historialariekin egin eta argitaratutako mahai-inguruan honako hau zioen Euskal Herriko historia nazionala idazteko beharraz: «Euskal Herriko historiari aldaketa kualitatibo bat eman behar zaio. Eginiko lana berriz hasi beharko banu, Europako panoraman kokatuta hasiko nintzateke, heldu den belaunaldiaren herritartasuna europarra izango baita. Atalka hasi beharko genuke historia nazionala egiten. Hori egiteko, talde bat behar da. Birtuala dela hori? Gaur egun bai. Ez dago egiturarik, baliabiderik. Adibidez, Iparraldean ez dugu ezer. Ikasketarik ere ez dago».Euskal Herriko historia idaztea oztopoz beteriko eginkizuna zela aitortzen zuen: «Beldur nintzen bereziki konpilazio bat egiteaz. Bestetik, ikuspegi orokor bat eman nahi nuen, baina ez oinarriturik irizpide politikoetan, egitate historiko batean baizik; dokumentuek azaltzen duten errealitatean, gune berean jarri. Euskal Herri baten historia egiteko, ez Euskal Herriko lurraldeen historiak egiteko».«Historiak ekartzen duena da Euskal Herri hau izan dela bere historian anitzetako. Lurralde bakoitzak ukan duela eta duela bere nortasuna, bere egoera historiko berezia, bere indar sozial-ekonomikoen berezitasunaÉ nortasun hori kontuan hartu behar da; Historiak egin du. Horrek ez du esan nahi herririk ez dagoenik. Herri bat badago, baina egoera anitzetako dena. Niretzat bederen, hori zorion bat da», zioen bere lanaren harira.

Chueca: «Bakarra zen»

Euskal Herria osotasunean aztertzen zuen historialari bakarra zela nabarmendu du Josu Chueca historialariak. «Gehienok lurralde jakin bat eta arazo jakin bat aztertzen dugu, baina Goihenetxek Euskal Herria oso-osorik hartzen zuen kontuan, eta, Antzin Arotik hasita, XX. mendera iristen ari zen; ez, gainera, azaleko lanak egiten, lan sendoa egiten baizik, funtsezkoa. Horretan, bakarra zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.