2004-05-07

Manex historialari isilaren emari ugaria (Joseba Agirreazkuenagaren iritzia)

2004ko maiatzaren 7a
15:02
Entzun
* Gaur Egungo Historiako katedraduna da Agirreazkuenaga

Duela 30 urte, Deustuko Euskal Kultur Mintegitik Andolin Eguzkitzarekin UEUra abiaturik ezagutu nuen. Isil-isilik, bakarturik, antolatzaile- ekintzaile zarela, gogoratzen zaitut Manex eta hara, berezkoa bazenu bezala, ekintza berean barneratzen gaituzu, ikasle baino ez garela. Uztaritzen, azkenean manifestu ideologikoa ere urratu genuen, katalanen ildotik. Aurrez aurre azken aldiz, Andolinen hiletan, Santurtziko elizpean, hitz egin genuen eta hari bereko zereginean, aurreko email batean eskatutakoa gogoratu eta ekarri zenidan. «Chevalier» Belaren erretratua, nire hurrengo libururako. Galderak ditut baina hara, non zaude? Adiskidea eta eztabaida historiografikorako goi mailako erreferentea galdu dut.

Jean Philipe Bela (1709-1796) zuberotarrak euskaldunak historia diskurtsoaren erdian jarri zituen eta Manexek adierazten duenez, Bela izan zen lehendabizikoa zazpiko Euskal Herria erakusten («On divise les Basques en sept provinces ou païs particuliers»). Aldi berean, 1756. urte inguruan, Larramendik ere Pirinioetako euskal herrialdeen baterakotasunari buruz gogoetak idatzi zituen. Manex iparraldeko historialari handien leinukoa dugu, euskaldun guztien iraganaz eta geroaz arduraturik. Horretan ari zen buru-belarri azken urteotan, publiko zabalarentzat eta adituentzat, bereziki, Euskal Herriko historia orokorra lantzen. Etorkizun laburrean izanen dugu parada idatzi zituen lanak sakon aztertzeko. Manex izan dugu, iparraldekoen aldian aldiko ildo sakonari jarraituz, euskaldunon historialari. Goi mailako ikerketa ugari argitaratu zituen, Tolosan, Pauen ikasi ondoren. Goren graduko unibertsitateko doktoretza lortu zuen 1992an eta liburu nagusia utzi digu: Les Basques et leur histoire. Mythes et réalites, 1993ko ekainaren 29an Baionan aurkeztua. Ikerlan kritiko horren hastapenean azaltzen da A. Oihenart XVII. mendeko euskal historialariaren asmoa: «Nahiago dute eroso egokitu, egia bilatu ordez». Euskal historialarien diskurtsoak eta produkzioak ditu aztergai eta bereziki Oihenart, zein XIX. mendekoak. Bazekien historia erabiltzen proklama ideologikoen arabera, aldian aldiko uste batzuk astintzeko eta horrelakoa da haren lehen produkzioa. HAS (Herriko Alderdi Sozialista) alderdian Euskaldunak hilabetekarian hainbat artikulu idatzi zituen eta hegoaldeko ginenok ere partaide izanik, ondoren esperientzia aberatsa bezain gogorra bizi genuen EHASen. 1970eko hamarkada korapilotsuan ezker abertzale zibilaren, batean ezinak eta bestean, porrotezko norabideek ahiturik agian, Baionan edo Bilbon bizi arren, ikerketa historikoetan eta kulturgintzan murgildu ondoren, UEU edo Eusko Ikaskuntzako Historia Saila geure topagunetarikoak zirelarik, etengabeko informazio trukaketan egon ginen. Euskal Herriko historiaz ikuspegia berritu beharra zegoen, profesionaltasun unibertsital giroan eta beharbada diskurtso politikoak eraberritzeko baliagarri. Historialariok asmakizunen urratsak eta begiradak berehala igartzen ditugu. Euskal historialari nazionala izendatu da Manex, baina euskal jakobinismo gabekoa zela, ez dut zalantzarik, zorionez, euskaldun eta euskal herri ugari daudela idatzi eta adierazi baitzuen. Haren liburuetan Euskalerritar diskurtsoa nabarmena izan arren, iparraldekoen nortasun indartsua ageri da eta bestelakoak ere aintzat hartzen zituen, halabeharrez eta pozarren. Basques edo euskoen diskurtsoa, euskaldungotik abiatuz pentsatu eta aztertu zuen. Euskaraz idatzi ezkero, errazago nabarmentzen da berau baina tamalez oraindik ez dugu masa kritikorik euskarazko sorkuntza historiografikoa burutzeko. Beste era batera esanik, sujeto historiografiko anitzak daude, literatur jeneroetan bezalaxe, baina Euskal Herriko historian barrena, komuntasunak ere agiri direla euskalerritasunean. Nire ustez «nazional jakobismoa» fikzioen arteko asmakizuna izan ohi da, gutxi batzuen agintea modu eraginkorrean inposatzeko. XIX. mendearen lehen erdian euskaldunen historiak (histoire des Basques) iparraldean baino ez ziren lantzen baina A.Txaho Baionan lekuko, ondoren J. Jaurgain, A. Campion Iruñean, J.Manterola Donostian, R.Becerro de Bengoa Gasteizen, F.Sagarminaga Bilbon, Euskalerritar ikuspegi historikoak lantzen hasi ziren eta XXI. mendean Europako diskurtsoan sartzea dagokigu. Eta jauzi horretan, premiazko ere sare frantziarra, Europan barrena igarotzeko, Manexen ekarpena beharrezkoen genuenean, komodin gisa euskal historialarion jokoan, erronka gogorra utzi digu. Kezkaturik zegoen. Sarritan adierazi zidan ez zuela talde edo pertsonarik, jarraipenari eusteko, egitura egokirik euskal historialari profesionalentzat iparraldean ez zegoelako. Historiaren arautu gabeko euskal akademian haren tokia norbaitek bete behar du. Manexen ildoari eusteko ardura hartu beharko genuke, unibertsitariok behinik behin, hori bailitzateke, haren gustuko eta aldeko laudorio edo gorazarrerik preziatuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.