LURRALDE ELKARGOA

Vallsek uste du Ipar Euskal Herriaren egituraketa politikoa "arriskutsua" dela

Aurore Martinen atxiloketaz, Frantziako Barne ministroak esan du Espainiak leporatutako karguek "pisua" dutela, eta "hitzek esanahia" dutela.

2013ko urtarrilaren 21a
13:47
Entzun

Manuel Valls Canal Plus telebista katearen konbidatua izan zen atzo. Hainbat gai aipatu ostean, Aurore Martin Batasuna zeneko kidearen euroaginduari buruz galdetu zioten. Horren harira, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzional baten aurka azaldu zen, argudiatuta "arriskutsua" izan daitekeela Frantziaren batasunarentzat. Bideo osoa Canal Plus katearen webgunean ikus daiteke, hemen.

Halaber, Martinen Espainiaratzearekin zer ikusirik ez duela berretsi zuen ministroak. Eskua sartu izana ukatu zuen, “falta oso handia” izanen zela erranez, eta atxiloketa “ustekabeko kontrol” baten kari gertatu zela errepikatu zuen.

Kazetariak Martinen euroagindua arrazoi politikoengatik egin ote zen galdetu zionean, Vallsek erantzun zion Espainiak leporatzen zizkion karguak “pisuak” zirela, eta “hitzek esanahia” dutela. Gogorarazi zuen Batasuna Espainian debekatu dela, eta Frantzia eta Espainiaren arteko  “terrorismoaren aurkako” kooperazioa “oso hertsia” dela beti.

Eztabaida politikoa, espainolen afera

Vallsek oroitarazi du bere lana “segurtasuna” eta “terrorismoaren aurkako borroka” dela, eta lan hori “espainolekiko kooperazioan” egin behar dela, ETAren “disoluzioa” helburu. “Eztabaida politikoa”, ordea, “terrorismoaren herstura ezagutu duten” espainolen afera dela azaldu du.

Horren karietara, Euskal Herri bat badela onartu du, baina “Errepublikaren” eta “Pirineo Atlantiko departamenduaren” barnean. Ipar Euskal Herriko lurralde elkargo asmoak baztertu ditu, erranez euskal departamendu bat edota Frantziaren “baitako Euskal Herri bat (...) arriskutsuak” liratekeela Frantziaren batasunarendako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.