Komunikazioa

EITBko kudeatzaile ohi Juan Diego inputatu dute

Funtsak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietarioak leporatzen dizkiote Juan Diegori, eta inputatu gisa deklaratzera joan beharko du Bilboko instrukzio epaitegira martxoaren 15ean.

urtzi urkizu
2013ko otsailaren 27a
20:29
Entzun

LAB sindikatuak aurkeztutako salaketa bat tramitera onartu du Bilboko instrukzio epaitegiak. 2009. urtean EITBren izenean 700.000 euroko mailegu baterako bermea sinatu izana leporatzen diote Juan Diego EITBko kudeatzaile ohiari. BBK-k Vilau Media enpresari eman zion mailegua, eta diru hori EITBk ordaindu behar izan zuen iaz. Funtsak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietarioak egin izanagatik deklaratu beharko du Diegok.

Vilau Media S.L. enpresa 2005. urteko apirilean sortu zuten, 60.000 euroko kapitalarekin. Kapital haren erdia EITBnetek jarri zuen, eta administrazio kontseiluaren osaketan presidentea eta bokale bat EITBnet eta ETBri eman zitzaizkien. Bazkide sortzaileak honakoak izan ziren: Andoni Ortuzar (ETBnet-en izenean), Juan Diego, Mikel Agirre eta Julian Florez (Ini-Graphicsnet Stiftung enpresaren izenean). Ortuzar zen une hartan EITBko zuzendari nagusia. Mikel Agirre, berriz, EITBko Ustiapen zuzendaria zen —aste honetan uko egin dio EITBko zuzendari nagusiaren hautagaitzari—. Eta Juan Diego EITBko kudeatzailea. Javier Calerak ere parte hartu zuen Vilau Mediaren sorreran —denboraldi batean EITBNet-eko zuzendaria izan zen—.

2009ko ekainaren 15ean, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusi izendatu baino egun batzuk lehenago, Vilau Mediarentzat 700.000 euroko mailegu baten bermea sinatu zuen EITBko kudeatzailea zenak. Handik hiru urtera, 2012. urteko uztailean, Suriok zuzendutako taldeak deskubritu zuen  BBKren mailegua itzultzeko epea amaitu zuela. Vilau Mediak ezin zuen mailegua itzuli, eta EITBk hartu behar izan zuen ordainketa bere gain. 

LABek esan du kereilaren detaileek argi uzten dutela ardura penalez gain, "ardura politikoak" ere badaudela tartean. "EITBren kudeaketa ez da izan talde publiko batena, baizik eta nork bere apetara egin eta desegin ahal duen  partikularrena, antza, eta interes arras ilunak uzten ditu agerian". EITBk BBKri 700.000 euroko ordainketa egin behar izan zion iaz. "Horrek ekoizpen propioko programak desagertarazi ditu, langile taldearentzat ekarri duen guztiarekin". EITBko zuzendaritza erabakitzen ari den une honetan, LABentzat "benetan larria da diru publikoaren kudeaketa modu hauetan inplikaturik egon den taldearen aldeko apustua berriro ere egitea".

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok oso larritzat jo du EITBko kudeatzaile ohiaren aferaren berria, eta «ustelkeri zantzuak» sumatu ditu. "EITBko zuzendari berriak eta zuzendaria izendatu behar duenak argi eta garbi  erantzun behar dute ea horrelako praktikak hobesten eta babesten jarraituko duten ala ez", gaineratu du EH Bilduko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.