Gizartea

Donamartiri eta Lekorneko ikastoletako gurasoek ikastolak berritzeko eskatu diete hautetsiei

Asteartean herri elkargoak izan zuen biltzarrararen ostean, gurasoak beraien arazoa azalduz gutun bat eskura eman zieten hautetsiei.

2013ko apirilaren 11
17:01
Entzun

Arberoa, Baigura eta Ezkiako ikastolek orotara 232 ikasle barnebiltzen dituzte. Hazparneko ikastolako kopurua emendatuz joan zenean, "auzoko herrietako nahikeriari esker" Donamartiriko Arberoa Ikastola eta Lekorneko Baigura Ikastola sortu ziren. Gaur egun, 156 ikasle dituzte Hazparneko Ezkia ikastolan, 43 Donamartiriko Arberoan eta 33 Lekorneko Baiguran.

Azken bi herrietako ikastolak jada "txikiegiak" gelditu dira egun diren ikasle kopuruarentzat, gurasoen arabera. Horri begira Hazparneko Lurraldea Herri Elkargoko hautetsiei eskatu diete "konkretuki" urtero Seaskari ematen dizkion 20.000 euroak "Baigurako ikastola berria egiteko lehen urrats gisa, estudioarendako baliatzeko". Bigarrenik, maiatzaren 2an egingo duten herri elkargoko kontseilu osora, "ikastoletako ordezkariak gomitatuak izan daitezen" eskatu dute, "bi proiektuekiko egutegi finko bat martxan emateko".

Gurasoek salatu dute Seaskak "bi urte baino gehiago" daramala eztabaidatzen ikastola proiektua duten herriekin, eta bi urtez itxoiten ari direla proiektua aitzinatzeko "eta ez dela aitzinatzen".

Asteartean gurasoak gutunak banatzen zituztela, Pierre Haizagerre, Hazparneko Lurraldea Herri Elkargoko presidentearekin elkartu zen, baina oraindik ez da jarraipenik finkatua izan afera honen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.