azpiegiturak

Apirilaren 29an hasiko dira Lezon hondakinak atez ate biltzen

Ostegunean hasiko dira materiala banatzen; hilaren 23ra arte jaso ahal izango da.

ainara arratibel gascon
2013ko apirilaren 15a
18:56
Entzun

Gipuzkoan hondakinak atez ate jasotzen hasiko den bederatzigarren herria izango da Lezo. Udalak jakinarazi duenez, apirilaren 29an ekingo dio bilketa sistema horri. Material banaketaren inguruko xehetasunak ere eman ditu, gaur goizean egindako agerraldian. Banaketa apirilaren 18tik 23ra egingo dute, honako ordutegian: 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.

Azken asteetan liskarrak izan dira Lezon. Herritar batzuek ontziak uzteko zintzilikarioak kendu eta apurtu zituzten. Eraso horien berri jakitean, Lezoko Udalak salatu zuen ez direla onargarriak horrelako “bandalismo ekintza”, eta atez ateko bilketa ezartzeko konpromisoarekin jarraituko zuela berretsi zuen. Gainera, salatu zuen zinegotzi eta langileei “mehatxu eta irainak” egin zizkietela.

Marian Beitialarrangoitia Sortuko kideak EAJri leporatu zion gertatutakoa. Hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidan “gatazka” bilatzearen alde egitea egotzi zien jeltzaleei, eta horrek halako erasoak gertatzea ekartzen duela defendatu zuen. Gainera, Ertzaintzak ez zituela eraso egileak identifikatu nahi izan salatu zuen.

Ertzaintzak hori ukatu zuen, eta adierazi zuen udal ordenantza baten kontrako erasoa izanda, udaltzainei zegokiela identifikazioa eta ikerketa hastea. Azkenean, udalak dosierra zabaldu zien ustez erasoak egiten aritu ziren hiru herritarrei. Lezo Garbia Plataformak desobedientzia zibileko ekintzetara deitu du, baina espresuki baztertu ditu “sabotaje”ekintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.