Hamazazpi urte aitortzarik gabe

2013ko maiatzaren 31
16:09
Entzun

Maria Atxabal 1996an atxilotu zuten, eta fisikoki eta psikologikoki torturatua izan zela salatu zuen orduan; atxiloketagatik trauma izan ondorengo estresak eragindako nahasmendu kronikoa du. Hala egiaztatzen dute Atxabal aztertu duten hainbat psikiatren txostenek. Horietako batzuek, gainera, baieztatu egiten dute Atxabalen gaixotasuna Guardia Zibilak atxiloketan emandako tratuaren ondorioz sortua dela. 

1997ko otsailean, atxilotu eta zortzi hilabetera, Gasteizko Santiago ospitaleko psikiatria zerbitzuan aztertu zuten. Eta urte bereko azaroan Zaldibarko ospitale psikiatrikora eraman zuten, hurrengo urteko martxora arte.

2000. urtean jarri zuen kereila lau guardia zibilen aurka. "Ezin izan dugu lehenago aurkeztu, Mariaren osasun egoeragatik, eta orain atera du kemena aurrera egiteko", adierazi zuen haren abokatu Jaime Eliasek. "Nire alabarenganako dudan maitasunari esker jo dut aurrera eta dudan xede nagusia jazo zitzaidana argitzea da", esan zuen Atxabalek egun hartan. "Saminetik bai, baina gorrototik ez" zuela hitz egiten azaldu zuen, "gorroto nahikoa dagoelako eta ezinezkoa delako hortik elkarren artean berba egitea eta bake bideak jorratzea".

Kereila kriminala aurkeztu eta hiru urte geroago kasua artxibatzea erabaki zuen Madrilgo Lurralde Auzitegiak.  Adituen txostenak esanguratsuak direla-eta, psikiatren hitzak frogatzat har zitzala eskatu zion abokatuak epaileari. "Ez digu erantzun ere egin", salatu zuen.

Erabakia "bidegabea" zelakoan eta "epaiketa izateko eskubidea" zuelakoan, babes helegitea aurkeztu zuen haren abokatu Jaime Eliasen bitartez. Beharrezko izan ezkero, "Estrasburgoraino" joateko prest zeudela jakinarazi zuen. "Torturak egon direla frogatzea ia ezinezkoa izaten da. Baina, kasu honetan, Maria Atxabal psikologikoki torturatua izan zela oso ondo dokumentatua dago", adierazi zuen orduan Jaime Eliasek. Are gehiago, "ez dut ezagutzen hain argia izan den kasurik", esan zuen. Torturen salaketa artxibatzeko epaileak erabilitako argudioak ere kritikatu zituen abokatuak. Alde batetik, "delitua egon izanaren aukerak" badaudela jasotzen du 2003an kaleratutako autoak.

Halaber, Atxabalek kritikatu zuen tortura salaketak ez ikertzea: "Ez-pertsona bezala sentitzen naiz; infernu hartan pasa nituenak ikertzea ere merezi ez dudana". Gau hartan eginiko idazkia irakurri zuen. "Lege antiterroristarekin atxilotu nahi banaute, lagunei eskatzen diet lehenago hil nazatela", esan zuen atxiloketa egun haiek gogoan.

Helegitearen eduki falta argudiatuta, helegitea ez onartzea erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak aho batez, 2005ean. Orduan jakinarazi zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.