Lan ezbeharrak

Osalanen arabera, laneko ezbeharren tasa %13 murriztu zen 2012an

Pasa den urtean lanaren ondorioz 29 heriotza zenbatu zituen, 2011n baino %24 gutxiago

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko irailaren 20a
14:49
Entzun

Azken hiru asteetan sei langile hil direnean iritsi da Osalanek 2012ko lan istripu eta gaixotasunen inguruko ikerketa. “Bide onetik goaz, nahiz eta egun hauetan hori esatea zaila izan”, Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak esan duenez. Denetara, 29 hildako zenbatu ditu Laneko segurtasun eta osasunerako euskal erakundeak. Datu hori positibotzat jo du, %24ko jaitsiera egon delako urtebetean. Izan ere, 2011an lanean ari zirela 38 behargin hil ziren. Datu horiek, edozein modutan ez ditu onargarritzat jo: “Autokonplazentziak alde batera utzi, eta lanean jarraitu beharra daukagu”. Edozein modutan, Osalanek pasa den urteko heriotzen inguruan emandako datuen, eta sindikatuek urte hasieran emandakoen artean alde handia dago. ELAren txostenaren arabera, 2012an 66 langile hil baitzieren; LABen arabera, 61. Datuen alderaketak alderaketa, istripuen jaitsiera begi bistakoa dela esan du sailburuak, eta hori “gure enpresetan prebentzioa nagusitzen ari delako da”.

Heriotzak eragiten dituzten lan istripuak daturik lazgarrienak dira, baina lan esparruan bestelako ezbehar gehiago ere izaten dira. Eta horiek ere behera egin dutela azpimarratu gura izan du Aburtok. Lanaldian baja eragin zuten 25.307 istripu gertatu ziren, 2011n baino 4.807 gutxiago. Ezbeharren tasa hiru lurraldeetan jaitsi dela esan du Izaskun Urien Osalaneko zuzendariak, eta 2012an 2000 urteaz geroztik izandako beherakadarik handiena izan dela nabarmendu: %13ko jaitsiera. Datuak positibotzat jo ditu, are gehiago, 2008tik 2012ra istripu tasa bataz beste %11,6 jaitsi delako urtero. Aurtengo datuak ere eman ditu Urienek. Abuztura arteko datuak eskuan dituela, istripu maila %7,3an jaitsi dela esan du.

Datu guztiak ez dira, ordea, Osalaneko arduradunen gustukoak. Izan ere, pasa den urtean 2.615 pertsonari aitortu zitzaien lanbide gaixotasunen bat, 2011an jakinarazitakoak baino %8 gutxiago. Ricardo Barkala Enplegu sailburuordeak onartu du oraindik lantzeko esparru bat dagoela gaixotasunen esparruan, minbizien laneko jatorria zehazteko garaian. 2012an 7 kasu bildu zituen Osalanek, horietatik 6 amiantoaren eraginez. “Ezinezkoa da zenbatu direnak baino kasu gehiago ez egotea, ildo horretan lanean jarraitu beharra daukagu”, esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.