EPAIKETAK

Torturak salatu, eta lan politikoa egin izana defendatu dute gazte auzipetuek

Hasi da 26/11 sumarioan auzipetutako 40 gazteen aurkako epaiketa. 11k deklaratu dute gaur, eta bihar ekingo diote bigarren saioari. Auzitegi Nazionaletik zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk. Auzipetuetako lau ez dira epaiketara joan, eta mezu bat plazaratu dute erabakiaren berri emanez. Bideoa: lau auzipetuen adierazpena. [Youtube]http://youtu.be/XD54uNmzENw[/Youtube]

Berria.info
2013ko urriaren 14a
15:52
Entzun

Hasi da Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurka inoiz egin den epaiketarik handiena. Berrogei gazte epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, Segiko kide izatea egotzita. Seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak —denera, 240 urtekoa—, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Hiru saio egingo dituzte, goizeko 10:30ean hasita, gaur, bihar eta etzi. Ondoren, azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n daude jarrita auzi saioak, baina gehiago ere izan litezke.

Auzipetuetako 11k deklaratu dute gaur. Gazteak areto barruan zirela, puxika batzuk puztu eta aireratu dituzte, eta guztiak bertatik egotzi ditu epaileak. Berriro sarrarazi dituzte gero, eta ekin diote epaiketari. Auzipetuetako lau ez dira epaiketara agertu: Unai Ruiz, Goizane Pinedo, Irati Mujika eta Idoia Iragorri. Mezu batean adierazi dute Auzitegi Nazionala ez dela "inor" euskal herritarrak epaitzeko, eta epaileentzat errudun direla uste dute.

Auzitegitik zuzeneko kontakizuna egin dute Oihana Elduaien eta Hodei Iruretagoiena BERRIAko kazetariek.

Ainara Bakedano hasi da deklaratzen, eta torturak jasan zituela salatu du. Azaldu du borondatez kontrako deklarazioa egin zuela polizia etxean: "Poltsa jarri zidaten behin eta berriz". Halaber, epaitzen ari direna "jarduera politikoa besterik" ez dela adierazi dio epaimahaiari. Izan ere, fiskalaren eta akusazioaren galderei erantzuteari uko egin dio Bakedanok.

Haren ondoren deklaratu du Jon Anda Velezek. Hark ere Poliziaren aurrean egin zuen deklarazioa torturapean egindakoa zela esan dio Iker Urbina abokatuari: "Gogor torturatu ninduten, ariketa fisikoa eginarazi zidaten, eta poltsa jarri, deklarazioa buruz ikasteko". Jardun politikoa egin izana argudiatu du hark ere: "Gure militantzia politikoagatik akusatu gaituzte. Guztien artean konponbidea egiteko garaia da".

Barañaingo Gazte Asanbladaz galdetu diote Jon Zirizari. Azaldu du hura Segi baino lehenago sortu zela, eta bertako jardun politikoa defendatu du: "Sistemak eskaintzen duenarekin ados ez bazaude, zilegitasun osoa duzu esku hartzeko". Gaizka Likonak hitz egin du hurrena: "Lan erradikalki demokratikoa egin dut Euskal Herriaren askatasunaren eta langile klasearen alde". Euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu du, eta isiltzeko agindu dio epaileak.

Olatz Izagirrek ere lan politikoa egin izana aldarrikatu du, eta azaldu du Lapurdira joan zela torturatua izatearen beldur zelako. Donibane Lohitzunen atxilotu zuten. Beraien kontra aurkeztu dituzten dokumentuei "froga" deitzea "eskuzabala" dela esan du, berriz, Ion Telleriak, eta gaineratu auzipetuen "jarduera politikoa frogatu nahian" ari dela epaimahaia, ez jardura hori delitua dela: "Hemen ez daude terroristak, 40 gazte baizik". Halaber, ohartarazi du jada existitzen ez den erakunde bateko kide izateagatik epaitzen ari direla.

"Beste eredu batean sinesten dugulako gaude hemen" esanaz hasi du deklarazioa Aitziber Arrietak. Torturatu egin zutela azaldu du, deklarazioa buruz ikas zezan: "Etxetik irten orduko hasi ziren tratu txarrak". Beste hainbeste salatu du Garazi Rodriguezek: "Erabat biluztu ninduten, hizketan hasi ezean bortxatzeko mehatxuekin".

Maialen Elduaren hitzetan, "epaiketa hauek ez diote ekarpenik egiten Euskal Herriko bake prozesuari". Horrez gain, torturak jaso izana kontatu dio epaimahaiari: "Aurpegira begiratzen banion burua paretaren kontra joko zidala esan zidan". "Ziegatik atera ninduten arrastaka. Pertsona bat zegoen biluzik lurrean". Bortxaketa mehatxuak ere jasan zituela aitortu du. Eihar Egañak ere azaldu du atxilotu zuten unetik bertatik hasi zirela tratu txarrak. Adierazi duenez, Madrilera bidean gelditu, eta pistolarekin punteria ona zuela esan zion polizia batek: "Beraiek nahi zutena esan ezean, preso sartuko nindutela mehatxu egin zidaten".

Sarekada 2009an

Ia lau urte lehenagoko sarekadan du jatorria epaiketak. 2009ko azaroaren 24ko gauean izan zen. 34 gazte atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan. Beste zazpi gaztek ihes egitea lortu zuten, eta Auzitegi Nazionalaren atarian —epaile aurrean aurkeztera joanda—, Lapurdin eta Erroman atzeman zituzten beranduago. 650 polizia eta guardia zibilek parte hartu zuten, eta Euskal Herrian izan zen Grande Marlaska bera ere. Ehun miaketa baino gehiago egin zituzten, eta Espainiako hedabideek gertutik jarraitu zituzten atxiloketak; El País egunkariak, esaterako, Guardia Zibila Zizurko gaztetxera iritsi aurretik aurreratu zuen hura miatzen ari zirela.

Aurrez ere Segiren aurkako sarekada ugari egin zituzten, eskualdeka. 2007 eta 2010 artean, 223 gazte atxilotu zituzten gazte antolakundearekin lotuta, eta askok salatu zituzten torturak. Horietatik, 130etik gora espetxeratu zituzten epaitu aurretik.

"ETAren harrobiari burua moztu diogu", esan zuen Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak. Epaileak ez zien ekintza zehatzik leporatu. Kartzelatze autoan argudiatu zuen ETAk kontrolatzen zuela Segi —2007an "erakunde terrorista" izendatu zuen Auzitegi Gorenak— eta hark gazte asanbladak, gaztetxeak, Gazte Independentistak... erabiltzen zituela bere proiektu politikoaren aldeko jarduna ezkutatzeko: bilerak egiteko, kartelak jartzeko, Gazte Topaguneak eta Gazte Martxak antolatzeko, eta "kale borroka dinamizatzeko".

Atxilotuetako 32k, berriz, torturatu egin zituztela salatu zuten, eta, batez beste, urtebetetik gora egin zuen preso bakoitzak. Denera, 50 kartzela urte bete dituzte, epaiketa hasi aurretik. Astero edo astean bitan sinatu behar izan dute auzitegian, eta asko ezin izan dira Espainiako Estatutik irten.

2009an abiatutako hausnarketaren ondoren, iazko ekainean egin zuen publiko Segik bere burua desegiteko erabakia. "Tresna gisa agortuta" zegoela azaldu zuen, eta gazte mugimenduan antolatzera deitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.