giza eskubideen auzitegia

Estrasburgok 'Parot doktrina' baliogabetu eta Del Rio espetxean legez kanpo dagoela ebatzi du

Atzera bota du Espainiaren helegitea, eta 'Parot doktrina' ezarri izana giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du. Aho batez erabaki du 2008tik legez kanpo dagoela preso. Arrazoia eman dio Tafallako presoari: aske utzi beharko dute "lehenbailehen", eta 30.000 euro ordaindu beharko dizkiote.

Aitziber Laskibar-Jon Ordoñez
2013ko urriaren 21a
08:20
Entzun

Areto Nagusiak ebatzi du Ines del Rio berehala utzi beharko dutela aske, "2008tik legez kanpo dagoelako espetxean". Aho batez hartu dute erabaki hori. 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Ituneko 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela esan dute epaileek, eta Ines del Rioren kasuan giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

"Del Rio Pradaren auziaren inguruan, Areto Nagusiko gaurko sententzian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak honako hau ebatzi du, eta behin betiko erabakia izango da: hamabost boto alde eta bi kontra dituela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 7. artikulua urratu dela (legerik ezean zigorrik ez); aho batez, 2008ko uztailaren 3tik auzi jartzaileak ezarririko atxiloketa legez kontrakoa izan dela eta, hala, auzitegiaren 5. artikulua urratu dela", dio epaiaren inguruan bidali duten oharrak.

"Ez dago zigorrik legerik gabe", ebatzi du Areto Nagusiak 7. artikulua urratu dela argudiatzean. 197/2006 doktrina, Parot doktrina moduan ere ezaguna, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zuen irizpide bat da, eta ez lege bat. 5. artikuluari dagokionez, Estrasburgok ebatzi du Del Rioren kasuan askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea urratu dutela, eta, horregatik, 30.000 euro ordaindu beharko dizkiote ordainetan, 2012ko uztailaren 10ean Sala Txikiak ebatzi zuen moduan.

2006tik indarrean

Bere erabakiarekin mugarri bat ezar dezake Estrasburgok Espainiaren espetxe politikan, baina ikusteko dago Del Rioren aldeko epaiak beste presoentzat ere balio duen. Espainiako Justizia eta Barne ministroek esan duet epaitegiena dela orain erabakia. Gobernuak, bere aldetik, espetxe politika ez duela aldatuko adierazi dute.

Parot doktrina izenarekin ere ezagun den arau hori 2006an ezarri zuen Espainiak, 197/2006 sententzia oinarri hartuta. Espainiako 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan, legez. Muga horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia 2006ra arte.

Urte horretan, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak hori aldatu zuen: presoei zigorra arintzeko neurriak jasotako zigor bakoitzari ezartzeko agindu zuen, eta ez, ordura arte bezala, espetxean pasa beharreko gehienezko urte kopuruari. Aldaketa jada zigorra ezarria zuten presoei ezarri zien, irteera eguna atzeratuz. Del Riok 2008ko uztailaren 3an behar zuen aske Estrasburgok bere epaian jaso duenez, baina doktrina ezarrita preso jarraitzen du.

Hirurogei preso inguru

Del Rio bezala daude gaur egun beste 59 preso inguru. Espetxealdia egun batetik bestera luzatu zieten. Doktrina ezarria duten presoek batez beste 25 urte daramatzate espetxean. Gaur Estrasburgok hartu duen erabakiarekin aske geratuko dira Del Rioren aldeko epaia eurei ere ezartzen bazaie. Estrasburgoren epaia bete beharrekoa da Espainiarentzat, eta egin ezean, zigortzeko ahalmena du Estrasburgok. Auzitegi Nazionala da presoak aske utzi beharko dituena.

Bihar aztertuko du Auzitegi Nazionalak Estrasburgoren epaia, ezohiko bileran. Iaz Areto Txikiak Del Rioren kasuaz eman zuen epaia ezagutu zenean, beste euskal preso batzuek ere eskatu zuten aske uzteko. Bi bide har ditzake Auzitegi Nazionalak orain: erabakia ofizioz gauzatu eta presoak zuzenean askatzea, edo preso horien abokatuek eskaerak egin arte urratsik ez egitea. Oso litekeena da azken bide horri heltzea. Kasu horretan, berehala egingo lituzkete eskaerak abokatuek, eta gero, auzitegiak osoko bilkuran erabaki beharko luke zer egin.

Europa Press agentziak iturri judizialak aipatuta gaur argitaratu duenez, Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko ditu helegiteak. Horrek zerbait atzeratuko luke preso batzuen kaleratzea. Astero biltzen da osoko bilkura, baina gerta daiteke esatea bilera bakoitzean bost edo hamar bat presoren egoera besterik ezin dutela aztertu. Kasu horretan, astero joango litzateke erabakiak hartzen eta, pixkanaka, multzoka askatuko lituzkete presoak.

Giza Eskubideen Itunaren kontrakoa

Estrasburgo iazko uztailean agertu zen doktrinaren kontra. Espainiak helegitea aurkeztu zuen, ordea, eta aurten martxoan hori erabakitzeko auzi-saioa izan zen Estrasburgon. Espainiako Barne eta Justizia ministroek 13:00ean agerraldia iragarri dute erabakiaren inguruko balorazioa egiteko. Martxoan "ingeniaritza juridikoa" egiteko aukera aipatu zuen Fernandez Diaz Barne ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.