Allande Sokarros

"Guk ez diogu gure historia inori zor, guhaurek egin dugulako"

Argazkilari izan nahi zuen etxebartarrak, baina Hegoaldeko gazteria oldartua atzeman zuen. Eta arrazoiak entelegatu nahian, bera ere borrokan sartu zen. IKn lan politikoa klandestinoki egin zuen. Oraingo egunean, Zuberoako Herri Elkargoko presidenteordea da. Liburu ederra atera berri du.

Bob Edme

Ainize Madariaga -

2014ko urtarrilak 12

"Neska gazte batekin abian nauzu konfesatzera!", dio, elkarrizketa hasi aitzin. Allande Sokarros (Etxebarre, 1957) halakoa da: zirikatzailea eta umoretsua. "Maite Lephaille Xiberoko Botzako erratariak asmatu zuen kontzeptua, konfesatzea elkarrizketa egitea bezala baita: norbait baztertzea eta mintzaraztea! Oso ona da!". Irri egitea eta eginaraztea maite baitu. Haatik, serio jarri behar delarik, ez du hutsik egiten. IK Iparraldeko talde klandestinoan ibilia da, kartzelan egona ere bai; militante historiko eta nekaezina da, itzultzailea, eta kazetaria. Hautetsia ere bada gaur egun.

Nola abertzaletu zinen?

Argazkilari izan nahi, eta Hegoaldera partitu nintzen. 1978. urtea zen; urte zinez gogorra. Gazteria oldartua topatu nuen bertan, eta, arrazoiak ulertu nahian, hurbiletik interesatu nintzen gaiari. 1980 garaiko belaunaldi osoa bezala, izugarri afektatu ninduen gertakari batek: Baionan Suprefeturaren kontrako atentatua prestatzen ari zirela,Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz lehergailua eskuetan zartaturik hil ziren.

Nola eman zenuen, beraz, mundu batetik bertzerako salto hori?

Mixel Labegerirengana hurbildu nintzaion, jakin nahi bainuen Maule-Baithako baitha horrek zer erranahi zeukan. Euskarak elkartu gintuen. Labegeri, niretzat, betidanik abertzalea izan da, burutik buru. Berak, ondoren, Biarnora eraman ninduen: Bayrourenganaino. Han zentristekin hilabete zonbait egin nuen. Bayrou izugarri prezatzen dudan norbait da, gisakoa eta jendekaria baita.

Baina, gero, Hegoalde hori zegoenik banekien, eta ezezaguna zitzaidan. Eta argazkigintzaren estakuruaz bertaratu nintzen. Aipatu hilketa horiek izugarri afektatu ninduten, eta nik uste orduan eman nuela jauzia.

Zer da abertzale izatea zuretzat?

Kontzientziaduna izatea da; herri batek bere eskubideak, eskubide osoa baitu, ez errespetatuak dituelako jakitun izatea. Injustizia horren sentitzea da abertzale izatea.

Kultur asteak antolatzea abertzale izatea da: ibiltzea, mintzatzea, elkar gurutzatzea... Juntatzen gaituzten ideiak bilatu behar dira. Herria biziaraztea da abertzale izatea; aisialdian jende orotarikoa bilduz, adibidez. Eztabaidatzeko paradak sortu behar dira. Borrokan sartu gabe ere izan daiteke abertzale. Ni, ordea, aski fite sartu nintzen borrokan.

Nolakoa zen borroka hori?

1980. urteen hastapenak ziren. Oso garai gogorrak ziren. Ikastolen borroka pil-pilean zegoen, MIACA egiturak (Akitania kostako antolamendua helburu zuen misio interministeriala) proposatzen zituen turismo egitasmoak beldurgarriak ziren, eta, garai hartan, hautetsi gehienak Euskal Herriarekiko ezaxolagabe ziren, inongo euskal kontzientziarik gabeak euskara zein euskal izatearekiko. Ez zen besterik egiten ahal borrokan sartzea baino.

Hori bai, Etxebarretik atera beharra zen abertzale izateko; bertan egon izan banintz, askoz ere mugatuagoa izanen zen nire parte hartzea.

Baionan hasi nituen lehen lan militanteak: Mende Berri kultur elkarteak bazuen bere adar politikoa, Ezker-Berri zena, eta haien hilabetekarian kolaboratzen hasi nintzen; Gernika deitzen zen. Bertan ezagutu nituen Gabi Mouesca, Gabi Oiharzabal eta Mattin Larzabal, besteak beste. Baina Gabi Mouesca eta biok ez ginen ber denboran IKn sartu; berantago topo egin genuen bertan. "To, hi hemen? Ze sorpresa!". Kur-kur-kur!

Eta ondoko urratsa, IKra?

Nire bila etorri ziren. Baigorrin izan ziren tiroketen ondotik, IK jendez berriztu zen. Tiroketa horiek jendea beldurrarazi zuten, eta batzuk urrundu egin ziren; baina beste asko buru-belarri sartu ziren, ni tarteko. Iparraldea Iparraldeko jendeak aitzinarazi behar zuen; horregatik, ni beti anti-ETA izan naiz, haren sudur-sartzeen erabat kontrakoa. Hemengoa hemengoek kudea dezatela. Garai gogorrak ziren, ETAk IKri bidea trabatzen ziolako, baina ez zuen sekula lortu IKri bidea moztea. ETAk Iparraldea bere babesleku gisa mantendu nahi zuen, bere bakegunea; bertako abertzaleak bere menpe nahi zituen. Guk ez diogu gure historia inori zor, guhaurek egin dugulako. Historia horiek oso ezagunak dira, eta iragana dira, gaindituak dira jada, nahiz eta oraindik Hegoaldeko frankok Iparraldeko egoera sobera gutxi ezagutzen duten.

Orduan oso zabalduak ziren herri taldeak, eta jendeak uste du horietatik sartu zela jendea IKra. Zuberoan ere baziren; alta, nik, nonbaitik ere, ezin gauzak sinple egin! Ez nuen horretan batere parte hartu! Baina IKn sartu nintzen berdin-berdin!!

Nor ziren kide berri horiek?

Herriaren seme-alabak ginen. Borroka armatuak Iparraldean ondorio onak eta eraginkorrak ekarri baditu, arrazoi honexegatik ekarri ditu: herriko jendea ginelako, jendeak bazekielako ez ginela ero talde bat. Herriko bizian eta errealitatean erabat murgilduriko gazteak ginen.

Denetarik zegoen: laborari seme-alabak, burgesiatik zetozenak eta langileak. Nik beti diot: IK izan zen abertzaletasunaren esparru zabalena. Ezkerrekoa zela hura? Eskuinekoa bestea? Ez dakit, ez zuen inporta, herriaren alde ari ginelako. Hori genuen helburua.

Armak erabiltzen entrenatzen hasi zinen, beraz?

Sekula ez. Nire borroka ez zen armatua izan, klandestinoa baizik. Ni armarik gabeko sailean ari nintzen lanean; politikagintzan. Bi adar baitzituen, politikoa eta armatua, nahiz eta biak politikoak diren. Klandestino-legala zara etsaiak ezagutzen ez zaitueno; gero ilegala bilakatzen zara, kur-kur!

Ni 1989ko urtarrilean bilakatu nintzen ilegal, atxilotu nindutelarik. Mendikotan gertatu zen, paper batekin sakelan harrapatu nindutelarik sator batek salaturik —badakit nor izan zen, kur-kur-kur!—.

Orduan, sekulako bidaia egin nuen: Etxebarretik Parisera! Eta, gainera, hegazkinez, lehenbiziko aldiz!

Ez zidaten iritzirik eskatu jakiteko hegazkinez ala trenez bidaiatu nahiago nuen! Kur-kur-kur! Sei hilabete eman nituen La Sante kartzelan. 1991n auzipetu ninduten, baina zigorrik gabe atera nintzen... Michel Rocard —orduko Frantziako presidentea— eta IKren arteko elkarrizketen fruitua izan zen.

Bigarren aldian, 1993an, Sarako prentsaitzinekoan kazetari baten hutsegitearen ondorioz gertatu zen, San Inazio lepoan, Larruneko trenaren estreinaldi egunean, jendez mukuru zegoelarik. Seiak atxilotu gintuzten.

Baina Gabi Mouescak dioen gisan: abiadura handiko presoak izan ginen! Denbora gehiago pasa genuen Poliziaren eskuetan, presondegian baino! Izan ere, esku- hutsik harrapatu baikintuzten, dokumentu eta armarik gabe aldean.

Parisera eraman zintuzteten?

Bai, hegazkin militar batean sartu gintuzten seiok. Abiatu aitzin jada, patruilako batek ez zuen bertara upatu nahi, beldurtuta. Eta hegan gindoazelarik, guk baino beldur handiagoa zuten berek! Izugarriko burrunba egiten baitzuen traste hark! Horiek segur trenez itzuli zirela! Eta bai gu ere!

Egia erranik, ber trena har genezakeen, berehala etxeratu baikinen, inolako frogarik gabe ez gintuztelako epaitu ahal izan. Betti Bidart izan zen gutariko bakarra, hiruzpalau hilabetez Parisen egonarazi baitzuten; deitura ez zuelako edonorena. Erabakia errotik politikoa izan zen, gure kasu berberean baitzegoen.

Ataka larrian ere irriz?

Umorerik gabeko jendarte bat sekta bat da; egitura totalitario bat! Elkarbizitzarako arazoei eta totalitarismoari buru egiteko oinarrizko baliabidea da. IKren barnean, borroka izugarriaren erdian, sekulako umorea ibili dugu beti, baina bagenekien serioski aritzen ere. Umoreari beti lekua ematen jakin izan diogu.

Egun batez, buruarinen batek murru batean zera idatzi zuen: Borroka armatua egiazko borroka da!. Eta guk erantzun egin genion: Apo armatua [dortoka] egiazko apoa!. Kur-kur-kur!

Beharbada, egun batez, anekdota guztiak biltzeko liburua idatziko dut.

IK niretzat betidanik erakunde demokratiko eta umoretsua izan da. Egoera ez-normal eta injustiziaren baten ondorioz sortu baitzen borroka armatua. Demokrazia formal horrek ez dituelako desberdintasunak onartzen. Eta, zoritxarrez, beharrezkoa izan da borroka armatu hori, baina ondorio onak utzi ditu: kontzientzia hazi eta zabaltzeko balio izan duelako. IKrik gabe, Sokarros ez baitzen sekula Zuberoako Herri Elkargoko presidenteorde izanen. Gaur egungo egoera larria da, baina egoera desberdina da, badirelako tresnak —adibidez, lurraren gaineko espekulazioari aurre egiteko, SAFER eta EPFL, kasurako—, eta hautetsien kontzientzia hazi delako.

Nola bizi duzu Zuberoako Herri Elkargoan abertzale gisa jardutea?

Zuberoa oso berezia da, abertzale izatea oso erraza delako, nahiz eta hauteskundeen ehunekoetan eraginik beharbada ez duen. Herri ttipiak dira, eta elkarren ezagunak gara. Ni abertzale bat naiz, hautetsi. Ez naiz hautetsi abertzale bat. Baina Etxebarren, 2001ean, ez ninduten abertzale naizelako hautatu, ni naizelako baizik. Lurralde Elkargoaren kasuan, besteak dira hurbildu abertzaleengana. Bide egin dezakegu abertzale ez direnekin ere. Jendarteak ez du harresien beharrik, zubiena baizik. 2008az geroztik bulegoa osatzen duten 11 presidenteordeetarik bat naiz. Euskara, kultura eta ondarearen batzordeburua naiz. Presidentea bera zen nire bila etorri. Zuberoan oso-oso usaia zaharra dugu jende desberdinen arteko errespetua, elkar aditzea. Aurore Martinen aferan, natural- tasun osoz aipatu genuen horren kontra izenpe zezakeela nahi zuenak. Eta abertzale ez zirenek ere, arazorik gabe, izenpetu zuten.

Zer eskatzen duzu, Lurralde Elkargoa ala autonomia?

Lurralde Elkargoa behar da Iparraldea bere osotasunean kontuan hartua izateko. Bistan dena ez dela aski, baina autonomiara heltzeko bidean dago. Sekulako akatsa egin du Frantziak ezetz erantzutean, bertako gehiengoak eskatzen duelako, abertzale ez direnek ere sentituko dutelako injustizia bat. Nolatan Frantziak Lurralde Elkargoa onartu dio Lyon eskualdeari, eta guri ez? Ezin du esplikatu, erabakia erabat politikoa izan delako! Baina injustizia horretaz jendea ohartzen ari da, eta Frantzia bere buruaren kontra doa. Bidegabekeria horretaz abertzaleak baliatu behar dira. Ez dute aski egiten.

Kazetaritza Gernikan hasi zenuen?

Bai. Mende-Berriren aldizkari horretan hasi nintzen kolaboratzen. Euskaraz alfabetatu nuen neure burua. Zeruko Argia irakurriz ikasi nuen batua; ulertzen ez nituen hitzak azpimarratzen nituen, eta hiztegian bilatzen. Horrela ezagutu nuen Pello Zubiria, Egunkaria-ren lehen zuzendaria.

Eta Egunkaria -n hasiz geroztik nazioarte sailean egon zara beti?

Ba, azkenean bai! Hemezortzi urtez! Azkenean, Afganistan zokoan gertatzen zenaz jakitun nintzen, baina Mauleko karriketakoaz ez! Kur-kur-kur!

Hasieran, Baionako delegazioan, nehork ez zuen Frantziako berrien ardura hartu nahi, eta niri berdin zitzaidanez, hartu egin nuen. Eta gustatu! Ez nuen geroztik besterik gehiago egin!

Aurkeztu berri duzuen Zuberoa Herria liburua zubereraz idatzi duzu. Zer irizpide duzu zubereraz idazteko?

Bada niretzat funtsezko araua: irakurlearentzat ulergarria izan dadila. Hizkuntza bat beti aldatzen ari da, eta hori biziaren seinale ona da. Hitzak asmatu egin behar dira, beti egin den bezala. Otoa hitzak, adibidez, ez du ez buru ez buztanik, ez du inolako zentzurik. Kasu horretan, hiztegi zaharrera jo dut, eta botüra hartu dut, ulertzen delako. Eta botüra-ri, baztergia gehitu diot. Nahiago izaten dut hitzak asmatzea, artifizialak erabiltzea baino, aparkalekua den bezala. Baina ez naiz batere purista; ez diet latinetik eratorritako hitz guziei uko egiten. Zuberera gure berezitasun esparrua da; haren alde egin behar dugu, beste euskaldunen kontra joan gabe. Batuak, ez barka, Komunikaziozko Euskara deitzen diot, badu huts bat: hiztegi oso- oso mugatua duela. Euskara estandarrak baliabidezko tresna bat baino gehiago izan beharko luke, eta ez jendarte zehatz bati loturik egon. Damugarria da Nafarroako eskualde zonbaitetan bertako euskara bere berezitasunekin galtzea eta oraingo hiztunek batuaz baizik ez jakitea. Ez zen hori euskara estandarraren funtzioa. Bistan da, hobe da horrela batere euskaraz ez mintzatzea baino!

Idazteko, aldiz, bai, nik oso argi dut. Funtsezko araua badela hor hizkuntza ororendako balio duena: hitz bera denetan berdin idatzi behar dela, nahiz, normala den bezala, eskualdearen arabera arrunt manera desberdinez ahoskatzen den. Beraz, liburua idazteko ez dut inolako duda edo zailtasunik bizitu. Zubereraz idaztearen marka bakarra ü da, guri baizik ez dagokigulako. Bestela, liburuak euskara komunikaziozkoaren arauak errotik errespetatzen ditu. Euskal Herri osoko irakurle ororentzat prestatua dago, ulertzen ez duenak hiztegira jo dezala.

Eta nolako Zuberoa marraztu duzu?

Bere konplexutasunean, alde baikor zein ezkorrak salatuz. Zuberoa karta postaletik atera dugu, eta bertan bizi garenon begietatik aurkeztu dugu. Zuberoa ongi bizi dela erakusten dugu; badela, maskaradez eta pastoralaz gain, industria eta laborantza ere, eta ez dutela, zoritxarrez, denek euskara ematen. Liburuaren historiaren atala egiteko, Jean Louis Davantengana jo nuen. Argazkilaria, berriz, Christophe de Prada da. Elkar argitaletxekoek zidaten lan hau eskatu, hutsune bat zegoelako alor horretan. Frantsesez eta espainolez ere badaude.