Hobera egin du Martin Garitanok

jokin sagarzazu
2014ko apirilaren 26a
19:29
Entzun

Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, hobera egin du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta ohiko gela batera eraman dute medikuek. Hainbat proba egin dizkiote ondoeza zerk eragin dion jakiteko, baina ez dituzte amaitu, eta gaua behaketapean pasatuko duela baieztatu du aldundiak. Senideak berarekin daude, eta foru gobernuaren ordezkaritza batekin egoteko aukera ere izan du. Medikuek atsedena agindu diote.

Eguerdian, ikurrinaren aldeko ekitaldia hasi baino minutu gutxi lehenago, tentsio uneak izan dituzte Gipuzkoa plazan zeudenek. Izan ere, aldundiaren egoitzatik ateratzen ari zela, ondoezik sentitu eta konortea galdu du Garitanok; anbulantzia batean artatu behar izan dute 20 minutuz. Ospitalera eraman dute gero, probak egitera. Ezustekoa tarteko, aurreikusi baino orduerdi beranduago hasi da ekitaldia.

Garitanoren ondoan zeuden herritar batzuen eta komunikabideen kamerarien artean liskarrak izan dira. Irudiak nahi zituzten komunikabideetako profesionalek, baina espazioa behar zuen Garitanok bere onera etortzeko, eta, bidenabar, anbulantzietako langileak lekura sar zitezen. Minutu gutxira iritsi dira bi anbulantzia.

Diputazioak ohar baten bidez herritarrek erakutsi duten "berotasuna eta elkartasuna" nabarmendu du, eta "biziki eskertu" du kazetariek erakutsi duten "errespetua".

Era berean, aldundiak jakinarazi du, hasieran zabaldu denaren kontrara, ez duela bihotzekorik izan Garitanok: "Kontziente dago, eta konstante bitalak errekuperatu ditu. Medikuek bihotzekoak jo diola baztertu dute".

Behaketapean egongo da medikuek agintzen duten arte. Diputazioko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, "oso urduri" zebilen Garitano azken egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.