Ekonomia

Makina-erremintaren azoka indartuta itzuli da

Astelehenean zabalduko dute, eta, orotara, 1.314 enpresak parte hartuko dute.

2014ko maiatzaren 26a
16:50
Entzun

28. BIEMHek, makina-erremintarekin loturiko produktu eta zerbitzuen azokak, datorren astelehenean zabalduko ditu ateak Barakaldoko BECen. Makina-erremintaren industriak egiteko erabakigarria dauka ekonomiako sektore produktibo garrantzitsuenetan. Hala, 27 herrialdetako 1.314 enpresak parte hartuko dute, aurreko edizioan baino %12 gehiago.

Makina-erremintaren Biurteko Azokak Espainiako eskaintzara iristeko abagunea ematen du. Era berean, Europako eta nazioarteko merkatuko beste produktu nabarmen batzuk ezagutzeko zein merkataritza eragiketak merkatu horien ordezkari nagusiekin zuzenean egiteko aukera ematen du. Besteak beste, automobilgintza, aeronautika, trenbide, energia berriztagarri eta ekipo ondasunen sektoreekin loturiko milaka bisitari profesional joango dira BECera, hainbat tokitatik.

Guztira, 800 makina baino gehiago izango dira azokan, ondorengo sektoreetan banatuta: txirbil-harroketa bidezko makina-erreminta, osagarriak, erremintak, deformazio bidezko makina-erreminta, bestelako makina eta ekipoak, CAD/CAM metrologia eta kalitate kontrola, osagai hidrauliko, pneumatiko eta elektronikoa; tailer eta enpresarako zerbitzuak eta oxiebaketa.

Makina-erreminta ez da krisiarekin gehien sufritu duen industriako sektorea, baina iragan ditu estuasunak ere. 2012 pattal baten ondoren, 2013a "zaila" baina neurri batean positiboa izan zela azaldu zuen AFM sektoreko patronalak, salmentak  %6,4 handitzea lortu zutelako. Arazoa da 2012an lortutako eskaera zorroak lagundu ziotela horretan, eta 2013an ez zutela lortu hustuz joandako zorro hori betetzea. Horregatik, aurten fakturazioa %5 eta %10 arteean jaitsiko dela espero du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.