ekonomia

Industria sektorean izan dira lan gaixotasun gehienak

Iaz, arnas aparatuarekin zerikusia duten gaitzak oso ohikoak izan ziren lantegietan aritzen diren langileen artean.

Elkarretaratzea Bilbon, amiantoaren jardunaldien barruan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
2014ko ekainaren 11
10:18
Entzun

2013. urteari dagokion laneko istripuen eta gaixotasunen txostena aurkeztu dute goizean Osalanek eta Jaurlaritzak. Horren arabera, sektore eta lurraldeka langileen artean gaixotasun batzuk nagusitu egiten direla azpimarratu du Izaskun Urienek, Osalaneko zuzendariak. Nahiz eta Bizkaian harreman zuzenik antzeman ez duten, Gipuzkoako sektore industrialeko enpresetan asma eta bronkitis kimikoak izan dira alor horretako gaitz komunenak.

Arabako enpresa industrialetan, ostera, asbestosiarekin harremana duten kasuak dira ohikoenak; azken hori arnas gaixotasun kronikoa da, eta amiantoa duten produktuek eragiten dute. Egun, EAEn 1.469 pertsona ari dira amiantoarekin lanean, eta horiei aldizkako errebisioak egiten dizkietela adierazi du Osalaneko zuzendariak. “Amiantoarekin lan egin eta jada erretiratu diren 3.202 pertsona zenbatu ditugu, horiei ere aldizkako errebisioak egiten zaizkie osasun zerbitzuan”. Langileen segurtasuna bermatzeko lanean ari direla azpimarratu du Osalaneko zuzendariak. “Geure helburua lanean ari diren pertsonen laneko segurtasunaren eta osasunaren alde egitea da, prenbentzioa indartuz arriskuak jatorritik ezabatu ahal izateko”.

Txostenean azaltzen denez, lan istripuen ondorioz 30 pertsona hil ziren iaz, aurreko urtean baino %13,8 gutxiago. 30 langile horietatik, erdiak bihotzeko ezbeharrengatik hil ziren; beste bost lanerako bidean zendu ziren, eta gainontzekoen heriotza arrazoiak desberdinak izan ziren. Bestalde, euskal enpresetan lanaldian baja eragin duten 24.318 lan istripu zenbatu ziren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.