GIZARTEA

"Mehatxuen" beldurrik gabe, Urruñako okupazioa hasi dute

Urruñako Gazte Asanbladak hasiera eman zion atzo hiru eguneko okupazioari. Herenegun, herriko etxeak okupazioa bertan behera uzteko eskatu zuen, eta erran zien bestela “ondorioak” izanen direla.

Urruñako herriko plaza okupatu dute Urruñako Gazte Asanbladako kideek hiru egunerako. BOB EDME
Iparraldeko Hitza
2014ko abuztuaren 22a
18:36
Entzun

Goizeko hamarretan hasi ziren Urruñako Gazte Asanbladako kideak hiru eguneko okupazio gunea muntatzen. Gutun bidez, herriko etxeak jakinarazi zuen Polizia hara bidaliko zuela edo salaketa jarriko zuela gazteek okupazioa hasten bazuten. Gazteek, “mehatxu” horiek ikusirik, aurrera segitzeko deliberoa hartu zuten.

“Sei urte dira Gazte Asanblada sortu dugula, eta sei urte gaztetxea eskatzen dugula”, dio Txomin Poveda Gazte Asanbladako kideak. “Ez dugu inoiz erantzun baikorrik jaso”, gaineratu du gazteak. Povedak azaldu du Odile de Coralek aurten “beste agintaldi bat" hasi duela eta orain ere “ezetzean” dagoela. Hori horrela, gazteek hiru eguneko okupazio bat antolatu dute herriko plazan, herriko etxearen nahiarekin ados ez direla adierazteko eta beren “aldarrikapenari segida emateko”.

Hiru egunean, hainbat ekintza proposatuko dituzte. “Herritarrek herritarrentzat egiten dugun ekintza bat da”, azaldu du Nahia Imazek, Gazte Asanbladako kideak. Plaza okupatuz, gaztetxea izango balute han eskaintzen ahalko lituzketen ekintzak erakutsi nahi dituzte, eta “udan ere triste-triste” den plaza hori alaitu.

Lehen egunean, merkatu bat antolatu zuten. Eguerditan, “talo jana” egin zuten; arratsaldean, herriko besten antolatzeko bilkura. Lehengo urtera arte, Urruñako Gazte Asanbladak eskaria egiten zuen Urruñako bestetan parte hartzeko, programazioan eta antolakuntzan laguntza eskainiz, baina parte hartzea “beti” ukatua izan zaie. Orhi Barroso Gazte Asanbladakoak adierazi du gazteek, herriko etxearen jarrera ikusirik, “herriko besta alternatibo batzuk egitea” deliberatu zutela. Aurten, herriko hiru elkarteren arteko besta alternatibo batzuk eskainiko dituzte, Gazte Asanblada, Herrira eta Euskal Herrian Euskaraz taldeek antolaturik. Orain dela hilabete batzuk hasi ziren biltzen, eta “gaur, plazaren okupazioaren kari, horren segidaren bilkura eginen da”.

Herriko etxearen “mehatxuak”

Herriko etxeak gutun bat bidali zien herenegun Gazte Asanbladako kide batzuei. Gutunean, erraten zuen okupazioa egiten bazuten Polizia bidaliko zuela edota salaketa jarriko zuela. Atzo goizean, okupazio “ilegala” egiten ari zirela salatu zuen, eta “ondorio” batzuk izanen zirela aitzina segitzen bazuten.

Urruñako Herriko Etxeak ez du nahi gune “autogestionaturik”. Gazteak, bildu nahi baldin badute, herriko etxeak berak bultzaturiko gazte txokora joaten ahal dira, haren irudikoz. “Gaur egun, Urruñako 80 gaztek emana dute izena gazte txokoan”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.