Maratila
Élisée Reclus 2
Jakina da Chahoren ehorzketetan Elisée Reclu(s)k zuela heriotza predikua irakurri. Dudarik gabe biak hargin beltzak, framazonak, zirelako. Chaho Baionako logia zaharrena den La Zélée-ri lotua baitzen. Ordea, bihur gaitezen berriz Elisée Reclu(s)rengana. Eta geografiaz egin zituen ikerketetara. Bereziki Étude sur les dunes (Parise, 1865). Estudio labur horretan gogorarazten du nola 1787 eta 1890 urteetan Brémontierrek haizeendako hesiak eraikiarazi zituen Landetan, pinoak, mahastiak eta haritzak lantatuz. Legarraren mugimendua trabatu zuen. Ordura arte legar mendien edo dunen mugimenduek kalte handiak egiten zituzten. Gaskonia ekialdean diren herriak noiztenka lekuz aldatzera behartuak ziren. Beldur baitziren legarrek eta urek suntsituko zituztela. Légeko herria 1480ean eta 1660ean biztanleek berriz eraiki behar izan zuten, adibidez. Haizeek eta legarrek mehatxatu zuten Mimizan. Legarpean betiko desagertu ziren Lislan, Lélos, Anchise herriak. (Heldu zait gogora Atlantida). Dunen kurritzea obserbatu nahi duenak hautatu behar du momentua dio Éliséek. Adibidez, haize firrinda bat geldi gabe badabilelarik, eta aski azkarra delarik haize hori legarra aitzinean eramateko. Orduan. Dunaren kaskora iganez ikusten dira errauts pikor finak maldan gora heldu haizeak ekarririk «ulitxak bezala udako arrats eder batez». Ikusgarria. Errauts zirimolek inguratzen dituztelarik dunen puntak. Dunek iduri baitute direla sumendiak orduan. Kea botatzen ari diren sumendiak (des volcans vomissant la fumée).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu