santi leone
Maratila

Anakronismoa

2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Aspaldian, Jaime Ignacio del Burgok idatzi zuen «Nafarroa» neologismo itsusia zela, Herri Batasunak asmatua eta zabaldua; haren hitzetan, «Naparroa» zen euskaldunek betidanik ahotan ibilitako solasa. Del Burgoren dictum zorrotza aintzat hartu gabe (eta, hortaz, anakronismoan erortzen ari zela ohartu gabe), hiru mende lehenago erabili zuen «Nafarroa» Axularrek bere Gero famatuan, baina, tira, gauza jakina da idazleak despistatu samarrak izaten direla.

Berriki, bertze idazle batek —Pako Aristik— zera idatzi du: «Nafarroako Erresuma legearen erresuma izan zen, euskaldunok geure bizitza antolatzeko geure burua eman genizkionak». Baina hemen ere, politikariak idazleak baino zorrotzago jokatu du: segur aski anakronismoa saiheste aldera, geure-geureak genituen errege-gauza-guzietan-moderno-eta-aitzindari haiek ez baitzuten behin ere ez hauteskunderik ez erreferendumik antolatu. Are gehiago, joka nezake lepoa Antso Nagusiak —bere garaiko Zeitgeist-arekin bat egiteko asmoz, batez ere— ez zuela inoiz demokraziaren inguruko libururik irakurri.

Idazleak, idazleak, ez dute erremediorik. Axular Herri Batasunaren hiztegia baliatzen, eta Aristi Erdi Aroko demokrazia asanblearioa goraipatzen. Daitort: zinez bekatu itsusia da anakronismoa. Baina dena kontuan hartuta, eta ikusita Axularrek noraino igarri zion etorkizunari (Angel Errok erakutsi zuen bezala, «fina eta segura» leloa ere hark asmatu zuen —Gero, XLIV. kap., § 3), Urdazubikoarena anitzez barkagarriagoa iduritzen zait, Aristirena baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.