santi leone
Maratila

Aste Saindua

2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Igandeak baino gauza aspergarriagorik ez da mundu honetan; horregatik dut gorroto Aste Saindua, bat-batean hiru egun normal igande bihurtzen direlako. Eta dena, hil eta hiru egunera berpiztu omen zen tipo baten kontura. Hein batean, Guillermo del Torok Cronos filmean kontatu zuena, baina motelago eta grazia gutiagorekin.

Bertzalde, ez dut sobera ongi ulertzen Jesusen inguruko asaldura hori. Betidanik, Enrique Iglesias ekarri dit gogora: bere gauzak egin zituen, bai (nik, adibidez, Nazareten irudikatzen dut, I can be your hero, baby kantari), baina, azken buruan, aitarengandik heldu zaio fama.

Eta zer erran telebistaz? Berriz ere Kubricken Spartacus ikusi, eta berriz ere aukera izan dugu berresteko giza-gorputza ikaragarri aldatu dela, eta duela zenbait urteko titipuntak eta gaurkoak arrunt desberdinak direla: Kirk Douglasek ez dit gezurrik erratera utziko.

Mirariak, halere, badira. Aste Saindua dela-eta lanik ez egin izanak ez du kalte ekonomikorik batere ekarri, eta ez CEOEko ez Confebaskeko bozeramaleek ez dute eskatu bortz eguneko zubi luze hau alda edo ezaba dezatela. Eta horrek miraria behar du, zeren ekonomian zenbakiek eta errealitateak manatzen baitute, eta ez ideologiak. Baten batek pentsa lezake enpresariak ez direla Elizaren kontra egitera ausartzen; edo, aukeran, nahiago dituztela otzantasuna adierazten duten bestak (Jainkoak emanak baitira), askatasuna adierazten dutenak (gizakiak berak hautatuak baitira) baino.

Baina hori ideologia litzateke, eta, beraz, neoliberalismo neutroak agintzen duen garai honetan, bekatu mortala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.