Behin batez, hiri buruzagiko institutu batean, baziren hiru atezain. Hirurak arras gaiztoak ziren, hain gaiztoak, ezen batek, osasun problemak izanik, ebakuntza sistema publikoaren kontura egitea erabaki baitzuen (batere pentsatu gabe Abiadura Handiko Tren bat egin beharra dugula). Ondoren, eri izan zen, ohatzean.
Egunak pasatu ziren, asteak pasatu ziren, eta institutuko zuzendariak ordezko bat igor zezatela eskatu zion Hezkuntza Departamentuari (batere kontuan hartu gabe atezain berri horren soldatak zenbateko kaltea ekartzen ahalko liekeen gure politikariek kobratzen dituzten dietei). Departamentuak, ordea, ez zuen ordezkorik bidali.
Egunak eta asteak pasatu ziren, eta atezainak, alfer-handiak baitziren, aspertu egin ziren biren artean hiruren lana egin behar izateaz. Eta alferrenak, sarean arrantzan, ordezkoak igortzeaz arduratzen zen gizonaren datuak harrapatu zituen. Gizon ona eta fidela zen hura: izan ere, lanpostuko eskakizunak haren ezaugarrietara egokitu zituzten, hain zen zintzoa.
Eta patuak nahi izan zuen atezain alferra, arratsalde batean, gizon onarekin suertatzea, hori ostatu batean gorputzerako freskagarri eta arimarako gozagarri den garagardo bat hartzen ari zelarik. Harengana hurbildu eta kalaka ematen hasi zitzaion atezaina, harik eta gizon onak oihu egin zuen artio: «Aizu, potea zapuzten ari zatzaizkit!» (nor-nori dotore hori eta guzi).
Eta orduan, gizon onak San Pintxori otoi egin zion, eta hark gomendatu zion, bakea izatez gerotan, hobe zela bertze atezain bat igortzea.
Eta, aste baten buruan, institutuan zen atezain berria.
Maratila
Atezain alferra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu