Estitxu Fernandezen fan-ak garenontzat, zorion astea izan da hau: asteazkenean abiatu zen aurkezle duen programa berria ETB1en, Nomada Express. Hilabete asko izan dira bera gabe, urte erdia, Arratsaldero saioa kendu zutenetik. Gogoan dut hasieran bost ordukoa zela, bi ordu eta erdira pasa zutela gero, eta azkenerako saioa bertan behera utzi —eta, ondorioz, aurkezlea langabezian—. Aspalditik ETBn lanean, egun batetik bestera saiorik gabe geratu zen Estitxu Fernandez.
Orain ere, programa berria abiatu arren, kasu, argitaratu diren informazioen arabera asteazken gaueko emanaldiaren audientzien arabera erabakiko baitute emanaldi gehiago egin edo ez. Ahantz ditzagun denboraldiak, 13 kapitulu, 6ko sortak. Emanaldi bakarrean jokatzen da saio baten geroa egun. Eta Nomada Express-en datuak ez ziren izan baikorrenak: eskuratu zuen %0,7ari kasu eginez gero —katearen batez bestekoa %1,4 da—, arriskua dago saioa nahi baino espresago izatekoa.
Baina, ETBko jaun-andre agintedunok, ez dezagun bakarrik eta esklusiboki audientzia datuen arabera lan egin —egun batean horri buruz ere hitz egin beharko genuke, hots, zeinen modu malguan eskuratzen diren audientzia datuok—. Kontuan hartu Nomada Express, tarterik zabalenean, saio txukuna dela. Egia da arroila jaitsierak, kanoak, bizikleta ibilaldiak telebistan ikustea pixka bat aspergarria dela dagoeneko. Baina saioa osatzen duten gainontzeko atalak kontuan hartzeko modukoak dira, aurrekoan aipatzen genuen Bizirik eta turismo telebista duinaren ildotik —bide batez, igande arratsean lehiatu ezin eta astelehenera pasa dute Urko Aristiren saioa—. Alde horretatik, jakingarria eta atsegina izan zen Erronkari ibarra sakon ezagutu ahal izatea bertako jendearen bitartez —adibidez, ETBn abonamendua duen Pedro Migel Etxenike, baina baita Erronkariko enaren edo Juan Pito bentaren gainekoak azaldu zizkiguten gazte horiek ere—.
Aukera merezi du Nomada Express-ek. Txarrenean, dena den, zorion astea izaten jarraituko du Estitxu Fernandezen fan garenontzat: jakin dugu oposizioak atera eta lanpostu finko bat lortu duela ETBn. Eta hasi gara ikusten dagoeneko egunotan ETB1eko Gaur egun-en kirol berriak ematen. Hori, behintzat, geratuko zaigu kontsolagarri, audientzia datuen tirania beste behin aplikatu arren.
Komunikazioa. Ekografiak
Audientziaren tirania
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu