Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Aukera galduak

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gure kultura.Vanessa Rodriguezi (Hoy por hoy San Sebastian, 12:00-14:00) aitortu behar zaio egiten ari den ahalegina SER katea euskarara eta euskal kulturgintzara hurbil dadin, artean irratiak hain urrun ikusi eta jorratu duen mundu horretara. Gogo horri eutsita, nonbait, Joxean Fernandez (Euskal Filmotekako zuzendaria) eta Jorge Gimenez (Alberdaniako editorea) biltzen ditu ostegunetan (13:10-13:45). «Gurea den kultura» irratsaiora eramateko hautatu zituela biak, agindu zigun Rodriguezek. Horien irizpideaz baliatuta, hemengo kulturgileren bat gonbidatu eta solas luzea eratzea zen asmoa astez aste. Baina azkenaldiko saioak ikusita, ez dakit gauzak horren argi dauden. Idazle erdaldunak dira elkarrizketatzen direnak (Carmen Posadas, azkenekoa). Gimenez bera pertsona egokia izan zitekeen zubi lanetarako, erdal merkatuari begira bizi den irrati horretan euskal idazleak saltzeko (nahiz eta bere argitaletxekoak izan gehienak). Baina apenas jokatzen ari den funtzio hori.

Kilkerren pare. Donostiako udalgintza nahastua dabilela ikusita, interesgarria izan zitekeen COPE-Euskadiko zuzendari Santiago Ruiz de Azuak gidatzen duen Donostiako politikarien tertulia, (astelehena, 12:35-13:20). Funtsezko hiru gabezia erakusten ari da astez aste, ordea. Batetik, gobernuan dagoen alderdiaren ordezkaririk ez izateagatik. Ruiz de Azuak errugabea dela dio, haiek gonbidatzen dituela esanez. Beraz, erraza da ordezkari horiei luzatzen diegun eskaera: entzuleoi ez diezagutela uka eztabaida erakargarri bat entzuteko aukera. Bigarren gabezia: oposizioko hiru ordezkariek aho batez (kilkerrak kaiola berean sartuta legez) eta era apokaliptiko batean hitz egiten dute. Proposamenak erruz edukiko dituzte ziur aski, baina itxura eraikitzailea ez baizik hondatzailea ematen dute. Hirugarren gabezia, azkenik, Ruiz de Azua berak sortua da: oposizioko laugarren kide bihurtzen da ia beti, trufa eginez kazetaritzako kode deontologikoari. Azken saioan, esaterako, aukera polita galdu zuen tertuliari ika-mikaren filosofia itsasteko, egunotan zabaldu den berri baten eskutik; alegia, estatuko zahartzaroaren ikerketa gunea Donostian ipintzeko agindua emana zegoen arren, orain PPk Gasteizera eraman nahi duela. Gaia ez zuen mahairatu, nahiz ia ordu bete eduki horretarako. Entzuleon kalterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.