gorka julio
Komunikazioa. Irlen Sarea

Auzo finantzaketa (Crowdlending)

2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Krisi garai hauetan proiektu batzuetarako dirua lortzea zaila da. Finantza munduetan diru asko dagoela argi dago, baina kapital horiek errentagarritasuna bilatzen dute. Askotan tamaina handiko proiektuak behar dituzte finantzatu eta hortik etekina ateratzeko. Beste batzuetan finantzaketaren bidez burbuilak sortzen dituzte eta hortik etekinak ateratzen saiatu; burbuilaren barnean jende andanaren xoxak ere txikituz.

Azkenaldian, oso maiz ikusten ditugu dirua biltzeko beste era batzuk. Zutabe honetan behin baino gehiagotan crowdfunding (auzolaguntza) hitza agertu da. Proiektu bat aurrera ateratzeko jendearen artean diruz laguntzeari deitu ohi diogu. Batzuetan bueltan zerbait etor badaiteke ere, normalean ez dago etekin, ez behintzat dirutan.

Modelo horretan oinarritu dira urte askotan kulturarekin —zer esan euskal kulturarekin— zerikusia duten proiektu asko. Nola deitu, bestela, egunkari honen beraren sorrerari eta oraingo Ziztada kanpainari.

Azkenaldian, beste era batean, Interneteko zenbait plataformari esker, modelo hau zabalduz joan da; azken adibide interesgarria Arrate Rodriguez eta Fermin Muguruzaren Zuloak (http://zuloak.com) proiektu artistikoa da.

Normalean proiektu horietan guztietan diru gutxi eskatzen da. Dirua jartzen duenak bueltan ez du proiektuak aurrera ateratzetik harago gauza handirik espero. Beste batzuek, aldiz, diru gehiago behar izaten dute, eta hori lortzea oso zaila denez, ez dira egitasmoak aurrera ateratzen, edo krisira eraman gaituzten bankuen eskuetatik pasatu behar izaten dute.

Zergatik ez saiatu beste ereduekin ere? Teknologiak, auzolaguntza modelotik haratago, auzo finantzaketa egiteko bideak ere posible egiten ditu. Proiektu, erakunde edo enpresa bati bere proiektu edo egitasmo batean dirua askoren artean eman dakioke, dirua itzuliko duela jakinda. Kasu batzuetan eta horrela erabakitzen bada, interes tasa bat ere ezar dakioke diru truke horri. Konfiantza izaten da arazoa kontu hauetan, bankuekin gehiago fidatzeko ohitura dugu. Horregatik, atzean banku publiko edo etiko baten laguntza izatea ez litzateke sobera egongo.

Teknologiak aukera hori eskaintzen du; orain, hori posible egiteko trabak kendu etatestuinguru egokia sortu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.