Emaitza hemen: François Hollande presidentegaiak bozen %51,7; Nicolas Sarkozy presidenteak %48,3. Justu xamar, nahiz lehen itzuliko zortzi hautagaietatik seik babestu zuten sozialista, bakar batek ere ez eskuindarra. Eskerrak Telesforo Monzonen pastoralean izan zen Hollande agorrilean Larrainen, bestela ez zukeen irabaziko. Zorionak, halere, Hollande jauna. Ez nuke zure lekuan egon nahi. Eta Frantziako hauteskundeen emaitzak gauza bat du ona, eta beste bat txarra: ona, Sarkozy ez dugula gehiago jasan beharko; txarra, Carla Bruni berriz jasan beharko dugula kantuan.
Igande arratseko Teleberri, «hoy mira muy especialmente a Francia». Espainiako bozak direnean, bereziki begiratzen diote Espainiari? Edo Hego Euskal Herriari? Edo, hobeto oraindik, Euskal Autonomia Erkidegoari? Xabier Madariaga, Ander Arzak Paristik, Franck Dolosor —hirugarren— Baionatik, zuzeneko konexioetan. Txukun, hamar minututxo guztira.
Baina ETBren jardunaz gainera, hausnar orokorrago bat nahi nuke gaurkoan. Jourdren, Bocaly, Yanga-Mbiwa, Hilton, Bedimo, Belhanda, Estrada, Ait Fana, Stambouli, Giroud, Cabella. Ados, euskal talderik ez da Ligue 1en. Baiona edo Miarritzeko gizonkoteren baten izenik gogoratzen? Noski, kirol minoritarioa da errugbia. Zesar sariak erromatarrei buruzko ikerketak saritzeko diren bezalaxe. Kapaz gara Frantziako telebista aurkezleren baten izena zuzen —ahoskera gorabehera— esateko? Frantziako telesailen bat, Frantziako entretenimendu programaren bat, Frantziako kirol saioren bat hona ekartzeko? Orain Frantziako izenlaguna jartzen duen lekuan jarri, mesedez, Espainiako, eta ikusiko duzue nola aldatzen den kontua. Eta ez gara ohartzen gauza puskaz hobeak eskaintzen dizkigutela iparreko bizilagunek!
Zin degizuet, hau izango da denbora baterako azken zutabe hegoista. Eta ekografien tarte hau da aipatutako mankantzen adibiderik garbiena —Frantziako kateak ikusteko arazoak kontuan hartuta, hori bai; adibidez, Internet bidez Frantziako mugetatik kanpo ikusteko arazo legalak; hitz egingo dugu inoiz horri buruz—. Baina uste dut gizarte gisa egin beharko genukeela hausnarra, eta gero pauso bat eman aurrera. Hasteko ez legoke gaizki ETB hastea berdintsu tratatzen Espainia nahiz Frantzia. Eta, are, EAE nahiz Hego nahiz Iparreko euskal herritarrak.
Komunikazioa. Ekografiak
Azken zutabe hegoista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu