Inbasioa. Marlango musika taldea eta Romulo Aguillaume zuzendaria gonbidatu zituen Ser kateko estudioetara Vanessa Rodriguez esatariak (Hoy por hoy San Sebastián, 12:20-14:00) Los sueños de Ulman bideoklipa aurkeztera heldu dira Donostiara. Bada, estudioan, Romulo sakelakoarekin elkarrizketa grabatzera jarri zen, gero sarean sartzekotan. Rodriguezek, solasaren haria galdu, eta gertatzen ari zena kontatu zigun entzuleoi; harridura eta lotsa puntua sentitzen ari zela igarri genion. Sare sozialak eta teknologia berriak gure bizitzako arlo guztiak ari dira inbaditzen, beren onura eta kalteekin, eta irratia bera ere gero eta ikusgarriagoa egiten ari zaigu. Irrati gailutik datorkigun ahots birjina horri irudia jartzen zaion unetik, baliteke irratia galtzen hastea betitik eduki izan duen gaitasuna misterioa eta fantasia pizteko…
Iturri alternatiboak. Ziurren datozen egunetan jarriko dute sarean Teresa Yustak (Hágase la luz, asteburuetan, 06:05-08:00) Pedro Olalla Grezian bizi den historialariari egin zion elkarrizketaren podcast-a. Mamitsua, begiak irekitzekoa, Europako krisi globala dela-eta dugun amorruari arrazoiak, datuak eta beste eransten dizkiona. Lezio ederra, gehienbat informazio iturri tradizionaletatik edaten segitzen dugunontzat. Ezin gaitezkeela gera, esaterako, egunerokoan REk eskaintzen dizkigun bi iturriekin: Bruselatik Iratxe Etxebarria berri emailearena (esfera ofizialetako diskurtsoa, nagusiki), eta Jesus Torquemada nazioarteko analistarena (sistema ez da perfektua, baina ez dago beste erremediorik, dioena). Olallak badu bloga: Desde Grecia.
Carlos Herrera. Harrokeriaren eta egozentrismoaren irrati tronua Luis del Olmori aspaldi kendu zion Herrerak, mihia jarri du dantzan Andaluziako SAT sindikatua jomugatzat hartuta. Andaluziar kastizoa eta graziaduna sentitzen da, eta makina bat kalifikatibo iraingarri erabili du sindikatua zikintzeko uhinetan, goiz albistegian, Onda Ceron. Andaluziako jauntxo aberatsenen defentsan atera da (gertuko sentitzen dituelako), horien pribilegioak auzitan jartzera ausartu diren parien aurka. Mundu gero eta konplexuagoa daukagu, bai, eta horretaz baliatzen dira ezer ulertzen ez dugula senti dezagun. Baina, maiz, logika hutsa aplikatzea aski da errealitateko zenbait gertaera aztertzeko.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Bada alternatiba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu