Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Bakartasuna

2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Bakartasunean, denen aurka joatea, ideologia edo fede baten izenean, heroi baten izaeran sartzen omen da. Indartsuagoaren aurka aritzea erokeria hutsa baitirudi. Beren bizi soila galtzen duten horiek, alta bada, mundua aldatzen asko lagundu zuten eta dute. Horrek itxaropen handiaren piztekoa badu, lorpenak iraupenean baitira. Hainbat adierazpen urrutiko leihorretan, baina hemen ere. Gose greba, okupazio, botere elkorren aurrean mintzatzea, hainbat ekintza hemen ikusi eta ikusten ditugunak.

BERRIAn bere artegintzaz argitaratu elkarrizketa batean, Basterretxea eskultorea tematze horren lekuko agertzen da: «Arte modernoa oso jende gutxik ulertzen du. Nire kasuan, heroitasuna hau egitea da [mahai gaineko marrazkia erakutsiz], jakinda ez dela ulertzen. Baina ni konturatzen naiz, hemen badagoelako modernitaterako jauzi bat, aurrerapen bat dela. Eta sekula ez naiz jartzen pentsatzen salduko den edo zenbat balio duen».

Esaldi famatu batek, frantsesez, dio: «Zerbaiten hasteko itxaropenaren edukitzea ez da beharrezkoa, ez eta ere lortzea tematzeko». Iraupenak dena erabakitzen du, alabaina, eta gu hemen, beti gu hemen kantak dioena. Optimistak aitzakia bezala hartzen ahal du ere lehoia eta arratoiaren alegia famatua: saretan bildu lehoia arratoi txikiak salbatu zuena, sarea haginez ebakiz. La Fontainek gehitzen zuen moral gisa: «Pazientziak eta denboran iraupenak errabia eta indarrak baino gehiago egiten dutela».

Artean bezala gure bizian sinisten duguno irabazia dugu. Gainera, baikortasunak ez du kalterik egiten gure hainbeste handi potente hauen deklarapen eta analisiei begira!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.