«Mundu honetatik alde egitean ez baitzaigu besterik gelditzen». Fideltasunaz eta ohoreaz, Miguel Desojokoak Casedako Juliana emazteari, 1513ko apirilaren 6an.
Egia da inbaditzaileen mehatxua hor dagoela. Egia da errege izendapena jaso berritan naizela, eta gauza asko dauzkadala egiteko, eta, beraz, ez dela sasoirik onena kontenplazionean egoteko. Egia da guda betean dela oraindik hiriburua, eta asko eta garrantzitsuak izan direla batailaz bataila izandako galerak. Galtzen ari garela, alegia. Hori guztia egia da, bai, baina istant batez halako bake gisako bat dario guztiari, eta bare igartzen dut nire burua. Sorpresaz. Onartu egiten darauriot lasaitasun horren plazerra eta eguzkiaren laztan epela. Oharkabean, halabeharrez kasik, batailak oro bazter utzi, eta Iruñeko zeru urdinari begira topatu ditut nire begiak. Baina ez nostalgiaz, Iainkoaren kreazionearen edertasunaren erabateko esker onez baizik. Agian, orain ikusten ari naizen hori da gehiago ikusiko ez dudana. Laino batzuk baino ez daude, eta ezerk ez du ezbeharrik iragartzen.
Begira, indioilar izter baten itxura du hodei horrek, edo txekor erre batena, bestela. Irribarretsu soinekoa askatu berri duen neskatxa baten antza du beste horrek, eta Leringo kondearen buruaren aire bat hartzen diot beste hari. Eta guda zelaian hildako nafar gudarien arima batzuk zerurako aszensionean. [Ikus irudia]. Zer patxada Iruñeko arroan. Jauregiko dorretik ikusten dut. Bilduak dituzte belarrak nekazariek, eta elkarri txanda hartuz doaz zelai horien ordena, eta basoen nahasmena, harik eta bista huts egiten hasten den arte. Loretan dira larrosa eta magnoliak, eta hegaldi zoroetan dabiltza enarak. Hara! Tximeleta bat pausatu da nire ezpataren zorroan. Ez du batere minik hartu.
Bertsoak eskatu darauzkiot erresumako koblakariari. Bi txalo jo, eta azkar batean dator nire petizionearen betetzera. Kantatu drauta zerbait. Triku bati buruz ari da, baina errege batez mintzo dela erranen nuke. Gustatu zait. «Amaitu da negua, / Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan; / Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel, / Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?/ Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago». Jarraitu du koblakariak, baina hori da gogoan hartu dudana. «Hau da nire erresuma, Goseak nago». Sakon hartu dut arnasa.
Zaldun eta gudari xume nintzeneko lagunak deitu ditut palaziora gero. Hitz goxo batzuk, txiste txar batzuk, eta frontoian hasi gara giro epela lagun. Berdintasunean guztiok, orain gure lurretarako berezko errege naizenik batere axola gabe. Esfortzurik gabe irabazi ditut guztiak. Onak dira jokoan, baina, gogoz saiatu diren arren, niri tanto bakar bat egiterik ere ez dute lortu. Hala ere ongi pasatu dugu guztiok. Lasai. Lagun giroan. Partidoa amaitzerakoan txalo egin du borreroak ere pilotalekuaren ertzetik.
Bizi liteke bat horrela. Egun bat eta beste bat, eta beste bat. Goxoa da palazioko bizimodua. Erregeen pare bizi da bat errege denean: Niratzart. Dagosalt. Dabazkalt. Dasiestat. Dafalt. Noherat. Eta egunero-egunero antzera. Zoriontsu.
Baina badakit laburra izan ohi dela zorionaren karizia. Ez naiz eroa. Handia da gure jende libreen erresumaren gain den gaztelar tropen mehatxua. Leringo kondeak eta Fernando II.ak ez dute zalantzarik izanen beren aliatu inglesen laguntzaz dena puskatu, eraitsieta suntsitzeko. Eta bihar, agian, gure lurraldea ez da jadanik gehiago gure izanen, eta arrotz eginen zaigu orain arte hain propio izandakoa. Bihar, agian, ni neu egon ninteke erbestean, kartzelan, edota etsaien ezpaten ahoak hila. Bihar agian, ez da geldituko mundu honetan nire ohorea eta fideltasuna baizik. Bihar, agian... baina ez gaur. Gaur, 1512ko uztailaren 14 honetan, oraindik ni naiz Nafarroako errege, eta #dailovit.
Ezkutuko kronikak
Bake istante bat gudan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu