Listo, honaino iritsi bazarete, zorionekoak zuek, betiereko bizitza izango zaizue emana. Erdian ginela akaso ez ginen ohartzen, baina eman soa atzera: Bayern-Madrid, Chelsea- Barça, Lisboa-Athletic, Barça-Madril, Barça-Chelsea, Madril-Bayern, Athletic-Lisboa. Ufa, idazten bakarrik nekatu egin naiz. Broma onartzen badidazue, hau bai dela benetako bonbardaketa bat. Ados, asko gustatzen zaigu futbola, horretan zalantzarik ez da. Baina egin dezagun konparazio gastronomiko bat: gustukoen dugun jakia hartuko bagenu —panplona txorizoa eta nozilla, nire kasuan— eta bi astez hori bakarrik jaten ibiliko bagina, bada, imajinatzen duzue nola bukatuko genukeen, edo, hobeto, non. Futbolarekin berdin, lagunok, zer nahi duzue esatea. Eta bizirik atera gara bi asteotatik, baina, kasu, berriz bueltan etorriko baitira Junker abioiak: Athleticek Europako Ligako finala jokatuko du Atletico Madrilen kontra maiatzaren 9an eta Espainiako kopakoa Barçaren aurka maiatzaren 25ean. Esana dago: maiatza da hilik krudelena.
Baina bonba eta bonba artean, hara non eman diguten tregoa apur bat, pasa den igandean. Tira, tregoa erlatiboa: Teknopolis saioan, futboleko baloiak matematikarekin daukan harremana azaldu ziguten Baloiaren biribiltasuna erreportajean. Hala jakin genuen, adibidez, Txapeldunen Ligako logoa matematikoki ezinezkoa dela. Eta ez dakit mugimendu horrekin zer lortu nahi izan duen Teknopolis-ek, akaso audientzia datuak pixka bat aupatzea. Goizalde Landabaso kazetariak emandakoak etorri zaizkit gogora, Sautrela-ren azken egunekoak: Teknopolis-ek %0,9, Sautrela-k %1,3, Herri kirolak-ek %1,8. Eta orain konpara ditzagun Madril-Bayernen arteko finalerdiko penaltiekin: %49,3ko ikusle kuota EAEn —456.000 ikus-entzule—. Hots, ETBren historian gehien ikusitako saioa. Eta zientzia saio bat behar dugu, noski. Baina adibide bat baino ez: telebista katalanean bada saio bat, Quèquicom, zientzia dibulgaziokoa eta, kontxo, funtzionatzen duena. Proba garbirik bada, hauxe: kapaz gara gero neulako ezjakinok bertakoak besteri azaltzeko.
Baina, ai, futbola. Azken trakaren aurretik, esan dezagun garbi: bi asteok erakutsi digute bizitzaren metafora ezin hobea dela. Lanarekin esfortzuarekin dedikazioarekin, azkenean, partida irabazten dela. Edo justu kontrakoa, noski.
Komunikazioa. Ekografiak
Baloiaren biribiltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu