Saltzaile batzuen bezeroenganako jokabide ezegokiak ikaragarrizko amorrua eman dit beti. Zakar, motibaziorik gabe eta larderiaz tratatzen gaituzte askotan. Nire ama tuntuntzat jo zuen harroputz haren dendara sekula itzuli ez naizen bezala, ez dakit erraz itzuliko naizen bezeroak petralki tratatzen dituen beste txoro horren tabernara.
Motoaren kaskoa parrandan galtzeko beldurrez, bezero izanik orduak igarotzen dituen taberna hartan gordeko ote zidan eskatu nion lagun bati. Arazorik ez. Lagunak kaskoa eraman zuen, eta ni lasai, jijijaja. Etxerakoan, tabernatik pasatu eta tabernariari kaskoa hiruzpalau biderretan eskatu banion ere, kasurik ez. Bezero batzuekin txupitoak partekatzen ari zen, eta ez zeukan nirekin denbora galtzeko gogorik, ez umorerik. Harrituta, oin puntetan jarri eta barraren barrualdea goitik behera miatu nuen. Alferrik. «Barkatu, nire kask…», «kasko puta hori non koño dagoen puta ideiarik ez dut», moztu zidan, ozenki. Hau lotsa, taberna guztia niri begira. Ez nekien zer egin, nora begiratu. Kaskoa gorde zidan lagunarekin moldatzeko esan zidan, lotsagabeak. Horixe, lagunari deitu nion, bai eta loa errotik moztu ere, eta lortu nuen, azkenik, ditxosozko kaskoa berreskuratzea.
Hurrengo batean, to, konturatu orduko taberna berean nengoen. Kaskorik gabe, jakina. Gutako batek, nonbait tabernariaren ezaguna, bertan nengoela jakinarazi zion. «Ba, ez daukat barkamena eskatzeko asmorik». Ederra erantzuna. Ez al daki txotxolo horrek niretzat barkamena eskatzeak ez duela kasu honetan zentzurik, eta egin behar duena bezeroak behingoz ongi tratatzen hastea besterik ez dela?
Maratila
Barkamenik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu